"Bizitza besteen alde lan egiten pasatu zuten, euren burua arriskatzen"

Anboto 2012ko urr. 31a, 12:01

Durangoko bonbardaketaren ostean erbestera joan zen, Frantziara, Benita Uribarrena Bollarin. Bere alabak, Marina Fuster Uribarrenak amaren bizitzaren berri eman du. Frantzian nazien kontrako erresistentzian borrokatu zuen eta alderdi komunistako kide izan zen klandestinitatean. Durango 1936 elkarteak antolatutako Agurrik Gabeak ekitaldian parte hartu du Marinak. Ekitaldian, andrek faxismoaren kontra egindako lan isildua omendu dute

Durangoko bonbardaketaren ostean erbestera joan zen, Frantziara, Benita Uribarrena Bollarin. Bere alabak, Marina Fuster Uribarrenak amaren bizitzaren berri eman du. Frantzian nazien kontrako erresistentzian borrokatu zuen eta alderdi komunistako kide izan zen klandestinitatean. Durango 1936 elkarteak antolatutako Agurrik Gabeak ekitaldian parte hartu du Marinak. Ekitaldian, andrek faxismoaren kontra egindako lan isildua omendu dute.

 

Zelako bizimodua zuen zure amaren familiak Durangon?

Aitita trenbideetako langilea zen eta amamak Ezkurdiko kioskoan egunkariak saltzen zituen. Oso ezaguna zen, Benita kazetaria deitzen zioten. Nahiko errepublikazalea zen amama, idazten eta irakurtzen zekien, orduko andra gutxik bezala. Nire ama lau seme-alabetatik gazteena zen. 1937an Durango bonbardatu zutenean hamabost urte zituen. Bonbardaketaren ostean Frantziara ebakuatu zituzten ama, amama eta amaren ahizpa bat. Frantziara barkuan heldu zenean ezer barik eta zapata batekin heldu zela kontatzen zuen beti amak.

 

Frantzian nazien kontrako erresistentzian ibili zen ama.

Tartean preso egon zen Perpignanen, askatu zuten... Erresistentziako zuzendaritzako emakume bakarra izan zen. Gerra amaituta, han egindako lanagatik domina eman zioten. Bizitza guztian jardun zuen erresistentzian.

 

Errefuxiatuentzako harrera etxe bat izan zuten zure gurasoek.

Gure aitagaz ezkondu zen, eta aita errefuxiatu politiko valentziarra zen. 1950ko hamarkadan Frantziako Gobernuak oso gogor jokatzen zuen Espainiako erbesteratuekin, debekatu egiten zieten mugatik gertu bizitzea. Iparralderago joan behar izan zuten bizitzera, Vaucluseko departamentura. Han Carpentresen Espainiatik joandako errefuxiatuak hartzen zituzten. Egun batzuetan amak berrogei kafe ere egiten zituen errefuxiatuentzako. Nire neba eta ni han jaio ginen.

 

Geroago Ekialdeko Pirinioetara bueltatu eta klandestinitatean lan asko egin zuen. Zelan bizi zenuten hori etxean?

Amaren bizitza beti izan da borrokarako bizitza, klandestinitatean Espainiako alderdi komunistan. Txikitan ez ginen arriskuaz konturatzen, baina bidaia asko egiten zituen Espainian arriskuan zegoen jendea Frantziara eroateko: presoak, heriotz zigorrera kondenatutako jendea... Informazioa eroaten zuen, dirua presoen familientzako... PCE ilegala zen Frantzian ere eta klandestinitatean egiten zuten lan. Mitinak egin eta diru-
iturriak batzeko ekitaldiak antolatzeko mugitzen ziren. Familia osoa zegoen inplikatuta. Denbora laburrean gerra bi bizi izan zituzten, eta oso gogorra da hori. Gurean berba asko egiten zen askatasunaren aldeko borrokaz eta diktaduraren kontra. Konturatu naiz hemen isiltasun handia egon dela; belaunaldi bi behar izan dira gauza horietaz berba egiteko.

 

Amak Durangogaz hartuemana mantendu zuen?

Egun baten bakarrik bueltatu zen. Amak hemen ez zeukan familiarik, aititaren Uribarrena familiagaz hartuemanak eten zituelako. Familia karlistakoa zen nire aitita. Trenbideetako langilea izanda, langile eta sindikalista kontzientzia zeukan. 1934an errekan armak ezkutatu zituen, eta salaketa baten ostean, poliziak armak aterarazi zizkion. Abenduaren 30a zen, eta hotzak jota hil zen. Amamak ez zuen gura hileta elizkizunik egitea. Presio asko izan zituen, gotzainak eta familiak gogor estutu zuten. Amamak sendo eutsi zion, eta Durangoko lehen hileta zibila izan zen aititarena. Treenbideetako langile guztiak joan ziren, eta euretako batek lurrean beroki bat ipini zuen familiarentzako dirua batzeko; diru horrekin bi hilebetez bizi ahal izan ziren. Amamak beraz ez zeukan loturarik Durangogaz. 1989an ekarri genuen senarrak eta nik. Etxea erakutsi zigun eta oso hunkigarria izan zen. Pena aita gaixorik ipini zela egun horretan eta Frantziara bueltatu behar izan genuela. Egun bakarra izan zen, baina amarentzat Durangora bueltatzea amets bat bezalakoa izan zen.

 

Agurrik Gabeak ekitaldian emakumeen papera ezkutatu egin dela nabarmendu dute.

Egia da. Nik erbesteko lana ezagutzen dut. Ama emakume elkarteko kide bat zen, eta borrokan ibili ziren presoentzako dirua batzen, janaria eta erropa lortzen... Emakumeak erbestean integratzeko lana egiten zuten, jabekuntza eta askatasuna landuz. Emigranteen bizimodua gogorra da. Beti zuten bueltatzeko itxaropena, eta bitartean han bizimodua aurrera atera behar zuten eta bazterketa pairatzen genuen.

 

Bizitako gauza guztiek gogortu egin zuten ama?

Neba-arreba guztiek ausardia handia izan dutela uste dut.  Bizitza besteen alde lan egiten pasatu zuten, euren burua arriskatzen. Behin, heriotz zigorra zuten euskaldun bi ateratzera etorri zen ama, eta trenean, senar-emazte horiekin zegoela guardia zibil bat etorri zen. Pasaporteak eskatu eta ama durangarra zela ikusi zuen. Bera ere Durangokoa zen; jesarri eta bidaia osoa amaren ondoan pasatu zuen. Parean zeuden heriotz zigorrera kondenatutako presoak. Aparteko gauza asko bizi izan zituen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!