Zer arnasten dugu?

Azken hilabeteetan jendea kexu da Durangoko eta Durangaldeko leku askotan dagoen hatsagatik. Hats hori sarkorragoa eta desatseginagoa da arratsaldeetan.

Informazioaren eta komunikazioaren aroan ez da posible durangarrek ez jakitea zer arnasten duten, zer aire-kalitate dugun, eta hori dena, informazio faltagatik.

Herri askotan aire-kalitateari buruzko informazio sistemak dituzte, eta Durango ezin da alde horretan atzean geratu. Etengabeko hatsa dela-eta, herritarrak informatuta egon beharko lirateke, uneoro.

Udalaren ardura da egoera hau salatzea, diagnostikatzea eta beharrezko neurriak hartu daitezen eskatzea. Enpresa batzuek ba omen dituzte detektagailuak, baina herritarrok ez dugu informazio hori jasotzeko aukerarik.

Aire-kalitatearen arazoaz gain, errekan egiten diren isurketen arazoa ere mahai gainean dugu. 2017ko ekainaren 2an Arro Hidraulikoetako Bulegotik sei isurketen berri eman ziguten, eta hartu beharreko neurriak hartzeko eskatu ziguten kontrolik gabeko isurketa ilegal horiei aurre egiteko.

Horregatik guztiagatik, durangarrok jakin egin behar dugu ze aire mota arnasten dugun eta zer gertatzen den gure erreketako urekin. Biztanleen osasuna jokoan dago, eta hori onartezina da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!