Inazio Azurmendik zozketarako makina bat txartel saldu ditu aurten. Urtero moduan. Baina denak ezin banatu eta hamabigaz bera geratu zen. DRTren urteurren jaian zenbaki irabazlea atera zutenean, arrapaladan joan zen etxera, bazekielako berak saldutako txartel sortakoa zela. “Hasieran pentsatzen nuen zenbaki hori saldu nuela eta etxean aurkitu nuenean poz itzela hartu nuen”, gogoratu du.
2018ko martxoan egingo ditu 18 urte. Autoko azterketa teorikoa gainditua du eta praktikoa falta zaio. Bitartean motorrean ibiliko da, motorreko karneta du eta. Irabazi duen autoa asko gustatzen zaiola dio.
Zazpi urtetatik errugbian dabil. Ez da harritzeko aita eta ama nortzuk diren kontuan hartuta: Ignacio Azurmendi eta Sonia Oceja, Bambino errugbi eskolako arduradunak, besteak beste.
Jasone Rodriguez Nissan-Gaursako arduradunak DRTgaz “eroso” sentitzen direla azpimarratu du “balore komunak” elkarnabanatzen dituztelako: taldeko lana, konpromisoa… DRTk “lan itzela egiten du eta pozik gaude eurekin”.
Juan Manuel Iriondo DRT presidenteak aurten 49.000 txartel saldu dituztela adierazi du. Nissan-Gaursaren laguntza eskertu du. “Euren laguntza barik ezingo genituzke egiten ditugun gauza asko egin”. Klubeko denek txartelak saltzeko urtero erakusten duten borondatea ere azpimarratu du.