Zergatik aukeratu zenuen gai hau zure lanerako?
Ospitaleko praktiketan ikusten dudan arazo bat da, eta paziente lez ere bai. Nire familia-medikuak ez daki euskaraz, eta ni gaztelaniaz ez naiz euskaraz bezain ondo esplikatzen; oraindik gutxiago lasai ez banago. Beragaz urteetako komunikazioa landu dut, eta gustura nago, baina bera jubilatzean mediku euskalduna hartuko dut, dudarik barik. Bestalde, zerbait desberdina egin gura nuen, medikuntzako lanak oso zientifikoak izan ohi dira eta.
Euskarazko zirkuitu bat aztertu duzu, Tolosa medikuarena.
Idealena mediku denek euskaraz jakitea izango litzateke. Ebakuntza egingo dizun mediku horri euskarazko profila eskatu beharko zaio, eta, ez badauka, ikasi egin beharko luke. Baina hori eduki ezik, zerbait erraza da zirkuituena. Eta hala ere, ez da egiten. Osakidetzak dirua inbertitu beharko luke horretan, baina uste dut inbertitu barik ere antolatu daitekeen gauza bat dela. Gogo pixka bat ipintzea da kontua.
Zer ondorio atera duzu zure lanetik?
Zirkuituek funtzionatzen dutela, adibidez. Hasteko, euskarazko tratua zenbat jendek gura duen neurtzeko modu efizientea da. Behin neurtuta, baliabideak horren arabera antolatuko dituzu. Durangon %80ko euskara eskaera badago, hamarretik zortzi mediku euskaldunak izan beharko dira gutxienez.
Zerbitzua arautzea nahikoa litzateke?
Nire laneko beste ondorioetako bat da, mediku euskaldunak egoteak ez duela bermatzen tratua euskaraz izatea. Lehenengo muga medikuek hautsi behar dute; askok ez dute euskara erabiltzen, jakin arren.
Batzuek diote mediku ona edukitzea dela garrantzitsua, ez hizkuntza.
“Zer gurago duzu, mediku ona ala euskalduna?”, esaten dute honen alde egin gura ez dutenek. Nire ustez, ingurune euskaldunean lanean dabilen mediku bat ez da inoiz ona izango euskaraduna ez bada. Hizkuntza garrantzitsua ez bada, zergatik ez ekarri mediku ingelesak Durangoko anbulatoriora? Medikuaren eta pazientearen arteko komunikazioa oso garrantzitsua da.
Familia-medikuen kasuan aurretik ibilbide bat izaten du pazienteak, baina espezialistekin ez ordea.
Hori da. Espezialistengana joaterakoan, errazagoa egingo zaizu tratua zure hizkuntzan bada, lehenengo aldia izango denez ez duzulako aurretiazko erlaziorik edukiko.
Mediku euskaldunen maila ez da besteena baino txikiagoa, ezta?
Iaz, MIR azterketako lehen hamarren artean geratu ziren EHUko ikasle bakarrak euskarazko lerrokoak izan ziren. Ez dut uste MIReko notak mugatzen duenik zein den mediku ona eta zein ez, baina datua esanguratsua da. Hala ere, gaztelaniaz ere moldatuko ginateke; zoritxarrez, karrera osoa ez dago euskaraz. Adibidez, azken ikasturteko ikasgai batzuk gaztelaniaz jaso behar izan ditut.