Adibidez, sare sozialetan zeresana eman du Durangoko larrialdietan asteon gertatutakoak: euskaraz ez zekien medikuak “arazo bat” zutela esan zien gaztelaniaz ez zekien ume baten senideei. Bada, euskarak Osakidetzan bizi duen egoera hori aukeratu du Bidane Petralanda medikuntza ikasleak (Durango, 1992) bere gradu amaierako lanerako, Ekaitz Agirregoitia irakasle eta ikerlariaren tutoretzapean garatu duena. Bere azterketa, eskubide urraketari alternatiba bat topatu dion Egoitz Tolosa urologoaren kontsultan kokatu du; arreta euskaraz emateko agenda propioa sortu eta antolatu du Tolosak Gasteizko eta Arrasateko ospitaleetan. Gainera, zerbitzu hori traumatologiakoagaz alderatu du ikasleak, eraginik ote duen ikusteko.
Lanaren ondorio lez, pazienteek erakutsi duten harrera “erabat positiboa” izan dela dio Petralandak. Osakidetzak 2013an onartutako Euskara Planean, arreta euskaraz emateko zirkuituak sortzea proposatu zuen; hau da, paziente euskaldunari bere arreta osoa euskaraz bermatu ahal izateko antolatzea. Baina oraindik ez da martxan jarri, eta ikaslearen ondorioen arabera, ez medikuek, ez pazienteek ez dute zirkuituen aukeraren berri. Tolosa medikuarena salbuespena da, ospitaleko zuzendariaren proposamena jaso eta bere borondatez dabilena. Hala ere, Osakidetzak ez du bere lanaren jarraipenik egiten.
Petralandaren ikerketaren arabera, mediku euskaldunek euskaraz artatuak izan nahi duten pazienteekin euskaraz hitz egingo dutela bermatzen dute euskarazko asistentzia-zirkuituek.
Dublinen azaltzen
Gradu amaierako lana asteon Dublinen (Irlanda) egin den osasun arreta integratuaren inguruko konferentzia batean aurkezteko aukera eduki du Petralandak. Osasun arloko euskararen normalizazioaz lehen aldiz berba egin da horrelako topaketa batean. Beragaz batera Aitor Montes Aramaioko medikua ere joan da, osasun arloan normalizazioaren alde lanean dabilena. Bestalde, ekainean hemengo udako ikastaro batean ere emango dute Petralandaren ikerketaren berri.
Nazioartean hizkuntza minorizatuek osasun sailean bizi duten egoera ere jorratu du bere lanean Durangoko medikuntza ikasleak. Orain, Dublineko aurkezpenari esker, euskararen osasuna ere munduko medikuntzako argitalpen zientifikoetan jasoko da, lehenengoz.