Egoitz Tolosa: “Paziente euskaldunak erosoago sentitzen dira mediku euskaldunagaz”

Markel Onaindia 2017ko mai. 12a, 10:45

Egoitz Tolosak euskarazko arreta eskatzeko aukera badagoela dio, eskaintzen ez bada ere.

Eskubideaz aparte, hizkuntzak tratua hobetzen ere eragingo luke?
Dudarik barik. Askotan nabaritu izan dut. Paziente euskaldunak askoz erosoago sentitzen dira mediku euskalduna badute; adinekoek, adibidez, gertatzen zaiena errazago adierazten dute ama hizkuntzan. Konfiantza gehiago dutela uste dut. Jendeak zorionak eta eskerrak ematen dizkigu.

Zure kontsultak erakusten du badagoela beharrizan bat.
Bai. Batez ere zonalde jakin batzuetan. Gasteizen gero eta eskari handiagoa dago, baina Gipuzkoa edo Bizkaiko zonalde batzuetan eskaria oso handia da, eta arreta hori ez da ematen. Askotan, pazienteari ez zaiolako eskaintzen. Aukera egon badago, baina pazienteak ez badaki arreta euskaraz jaso dezakeela, ez du eskatzen. Nire agenda propioa sortu aurretik, Arrasaten hamarretik zazpik euskaraz egiten zuten, eta horiek guztiek eskatu zuten euskarazko kontsulta aukera eman zitzaienean. Horrela joan nintzen pazienteak biltzen. Lanik garrantzitsuena lehen arretako zentroetan dago; pazienteari jakinarazi behar zaio euskaraz jaso dezakeela arreta, maila guztietan, eta ez duela horregatik berandu edo oker jasoko.

Beraz, pazienteak anbulatorioan eskatu behar du euskarazko arreta.  
Anbulatorioaz aparte, internetez ere egin daiteke. Gero, pazientaren historial klinikoa zabaltzean, E handi bat agertzen zaigu medikuoi. Zenbateko eskaera dagoen zenbatzeko balioko luke, eta zer beharrizan dagoen jakingo genuke. Modu horretan, eskaera handia baldin bada, Osakidetzak ere serioago hasi beharko luke lanean. Bestalde, plazak zabaltzerakoan, euskarari lehentasuna eman beharko liokete, baina hori beste kontu bat da.

Euskarazko tratua emateko ez dago antolaketarik.
Azken batean, nire kontsulta ez da ofiziala; geu antolatu gara kontsulta euskaraz izan dadin. Geure borondateagatik izan da; Arrasatera kontsulta pasatzera txandaka joaten gara, eta euskaldunok gehiagotan joan behar izaten dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!