Gertakariaren berri udalak eman du, udaltzaingoaren balantze baten baitan. Momentuz erasoaz ez dute beste baloraziorik egin, eta Pilar Ríos alkateordeak esan du eguaztenean batuko dela Udal Berdintasun Kontseilua, jaietako balorazioa egin eta eraso sexisten aurkako Herri Akordioaren garapena aztertzeko.
Jaietako lehen gauean, hilaren 12ko goizaldean, sexu eraso bat sufritu zuen beste neska batek Pinondon, eta Durangon erantzun sendoa eman zen. Mobilizazio jendetsu bi burutu ziren, eta jaiak ordu erdiz eten ziren.
Kokaina udaltzainei saltzen
Orotara, udaltzaingoak 10 bider esku hartu du jaietako bigarren asteburuan. Iskanbilak, droga trafikoa, alkoholemia eta istripuak izan dira gertakarien oinarri. Esaterako, 18 eta 24 urteko gazte bi atxilotu zituzten bariku gauean, kalez jantzitako udaltzainei kokaina saltzen saiatzeagatik.