Durangoko jaiak 2016

“Erasoen prebentzioa eta salaketa egingo dugu, jai-giro osasuntsu bat edukitzeko”

Anboto 2016ko urr. 14a, 09:30

San Fausto jaietan, trankil joango dira mutilak etxera, inork bortxatuko dituen beldurrik barik. Begirada lizunik jaso barik egingo dute txiza, eta eskuluzeen kezkarik ez dute edukiko parrandan daudela. Neskek sarri sufritu dituzten egoerak dira horiek, zoritxarrez. Eraso sexisten aurka egiteko, brigada feministak antolatu dituzte txosna batzordeak eta Bilgune Feministak.

Badago lanik; azken hile eta erdian sei eraso salatu dituzte Durangon –horietatik batzuk parrandan edo jaietatik bueltan–, eta Iurretako jaietan ere eraso bat salatu dute neska bik.  [Erreportajea argitaratu ostean, eguazteneko eraso baten berri eman du udalak]

Brigada feministak txanden bidez antolatu dituzte. Iraia Bejarano da boluntarioetako bat, eguazten gauez egin zuen txanda. Bere partaidetzaz galdetuta, hurrengoa dio: “Egoera latza iruditzen zait. Azken asteetako erasoek erantzuna eduki behar dute, eta denok ipini behar dugu zerbait”.

Datozen egunetan tokatu zaie txanda Anes Baños, Ane Amantegi eta Maite Barreñari. Bañosek hilaren 21ean dauka. “Uda honetan zelako eraso kopurua eduki dugun ikusita, emakumeok erantzun zuzena eman behar dugula uste dut”.  Erasoak ezin direla onartu esan du, gaur egun garrantzia kentzen zaien erasoak ere ez: “Jaietan, jende batek uste du guztia onartzen dela. Zerbait lekuz kanpo ikusten dugun momentuan, erantzuteko legitimitatea daukagu”. Zapatu honetan ibiliko da lanean Amantegi. Emakumeen ekintza kolektiboari balioa eman dio, eta jai osasuntsuak lortzeko nahia agertu du: “Ukipenak, berba zatarrak... Askotan erasotzat hartzen ez diren horien prebentzioa eta salaketa egingo dugu, benetan jai-giro osasuntsu bat edukitzeko”.

Jaietan, izaera feminista
Adinez nagusiago direnek ere hartu dute brigadan parte hartzeko konpromisoa, Maite Barreñak lez. “Kolektiboki lan egiteko tresna bat da feminismoa. Jaietan ere tokatzen zaigu izaera feminista harrotasunez plazaratzea, lanean edo etxean bezala”. Beste hiru lagunegaz eta ezagutzen ez dituen beste bigaz osatuko du brigada, bihar. “Brigada feministetan egongo gara eta, bide batez, lagunak egingo ditugu, gainera; plan perfektua da, beraz”.

60 boluntarioren beharra
Bost laguneko taldeak izango dira brigadak; guztira, 60 bat boluntario beharko dituzte jaietan. Laguntzarako telefono bat edukiko dute, eta karteletan agertuko da zenbaki hori. “Deia jasoz gero, brigadakoak joango dira, eta gero, txosnetako protokoloa jarriko da martxan”, azaldu du sustatzaileetako bat den Nagore Larrazabalek. Brigadetan parte hartzeko gonbita egin diete emakumeei; durangokobf@gmail.com helbidera idatzita eman ahal dute izena.

Ekimena nondik datorren azaldu du Garazi Unzaluk: “Duela urte bi erasoen aurreko protokoloa lantzen hasi ginen txosnetan, baina aurten ikusi dugu prebentzio lana ere beharrezkoa dela. Brigaden beste esperientzia batzuk egon dira Euskal Herrian, eta hortik hartu dugu ideia. Txosnagunea gune askea izatea gura dugu”.

Emakumeak soilik izango dira brigaden partaide, eta hori arrazoitu gura izan du Unzaluk. Neskei begira, jabekuntzarako ariketa lez planteatu dute: “Gune aske bihurtzeko asmoaz gainera, emakumeen jabekuntza kolektiboa lortzea ere bada gure helburua. Erasoak prebenitzeko jarrera emakumeon jabekuntzarako tresna bat dela uste dugu”.

Argi dute, edonola ere, esperientzia honetatik aparte, jaietan batzen den jende guztiarena dela erantzukizuna, neska zein mutil. “Denon ardura da hemen gertatzen dena, eta erne egon behar dugu denok”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!