Gaur Durango-Durango Klasikoa lehiatuko dute %17ra arteko aldapekin

Anboto 2016ko api. 12a, 09:00

Helmugatik zazpi kilometrora dagoen Garai ingurura San Juan Momoitiotik igoko dira. Goi mailako talde eta txirrindulariek parte hartuko dute.

Juan Mari Balier-en Oroimenezko Durango-Durango Klasikoa gaur, 15:00etan, hasiko da Ezkurdi plazan eta amaiera 18:00 ingururako aurreikusita dago toki berean. Aurten ibilbidea moldatu egin dute. Ez dituzte Muniketa eta Goiuria —ohiko bidetik— igoko. Horien ordez, Garai ingurura birritan igoko dira; lehenengoan Gerediagatik eta bigarrenean San Juan Momoitiotik (Betizu jatetxe ondotik gora). Azken horretan %17ra arteko aldapak daude eta gaina helmugatik zazpi kilometro eskasetara dago. Durango, Abadiño, Miota gaina, Elorrio, Atxondo eta Matiena batzen dituen zirkuituari bost itzuli eman ostean aurre egingo diete igoera bi horiei.

Duranguesa txirrindulari elkarteak antolatzen duen klasikoa emakumeetan estatu mailan antolatzen den bakarra da eta, urtero legez, goi mailako parte hartzea izango du: 22 taldetako 130 bat txirrindulari. Italia, Herbehere, Erresuma Batua, Ameriketako Estatu Batuak, Australia, Frantzia eta Suitzako taldeek parte hartuko dute, besteak beste. Durangaldetik Bizkaia-Durango eta BZK Emakumeen Bira taldeak ariko dira. Askotariko izenen artean Elizabeth Armistead munduko txapelduna eta Emma Johansson iazko irabazlea nabarmendu daitezke, Elisa Longo, Evelyn Stevens seta Tiffany Cromwell-ekin batera.

Talde eta txirrindulari horiek guztiek bihar Iurretan hasiko den Emakumeen Biran parte hartuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!