Hasi dadila benetako ikuskizuna

Anboto 2016ko api. 8a, 09:38
Iaz baino hamar talde gehiagok parte hartuko dute aurten

Polemika eta ika-mikak alboratu, eta Emakumeen Birako interesgunea munduko txirrindularirik onenen lanean zentratuko da eguaztenetik aurrera

Emakumeen Birak zeresan handia eman du aurten. Bira WWT nazioarteko egutegi prestigiotsutik kanpora utzi izanak piztu zuen lehenengo polemika. UCIk telebistan oihartzun handiagoa bermatzeko eskatuta, Bira-Jaurlaritza-EITB hirukoa negoziazioan murgildu zen. Bigarren ika-mika Birako liburuxkako irudiak eragin zuen: sexista zen ala ez, alde guztietako iritziak entzun ziren. ‘Hitz egin dezatela nitaz, txarto bada ere’ dioen esaerak badauka, antza, egiatik zati bat, Birako aurkezpen ekitaldian sumatu zenez. Joan zen barikuan, inoiz baino hedabide gehiago bildu zen Iurretara. Eta ikusminaren aparra oraindino gorenean dagoela, benetako ikuskizunaren sasoia heldu da: eguaztenetik aurrera, munduko txirrindularirik onenek hartuko dute protagonismo osoa.

Joko Olinpikoetarako puntuak emango dituen lasterketak inoizko parte-hartzerik zabalena izango du, aurten. Iaz baino 10 talde gehiago egongo dira, 23 guztira. Agustin Ruiz Larringan antolatzaileetako baten esanetan, data aldaketak —ia bi hilabete aurreratzeak— eragin “positiboa” izan du parte-hartzean.

Munduko txapelduna Biran
Lizzie Armitstead gaur egungo munduko txapelduna da Bira irabazteko hautagai nagusienetako bat. Boels Dolmans-ek, oro har, talde indartsua ekarriko du Birara. Munduko txapeldunaz gainera, orduko errekorra ezarri berri duen Evelyn Stevens ere badator. Emma Johansson suediarra da gertutik jarraitu beharreko beste izen bat. 2013ko irabazleak Euskal Herriagaz lotura berezia —Bizkaia-Durango taldeagaz debutatu zuen profesionaletan—  izan du beti,  eta denboraldi honen amaieran txirrindularitza utziko duenez, pentsatzekoa da aho zapore ona utzi gurako duela bere azken Biran. Durangaldeak talde bi —BZK eta Bizkaia-Durango— eta txirrindulari bi —Ziortza Isasi elorriarra eta  Olatz Agorria zornotzarra— izango ditu aurtengo aldian.

Iurretan erlojupekoa
2015ean bezala, erlojupeko batekin hasiko dute aurtengo Bira. Iaz harrera ona izan zuen, eta aurten, errepikatzea erabaki dute Emakumeen Bira ZKE-eko antolatzaileek. Eguaztenean, 17:00etatik aurrera, Iurretan hasi eta amaituko da 3,3 kilometroko atarikoa.

Egueneko lehenengo etapa Eskoriatzan hasi eta amaituko da. 76 kilometroko ibilbidean hirugarren mailako Untzilla eta bigarren mailako Leintz-Gatzaga mendateak igoko dituzte.

Bigarren etapak, Nafarroan, Etxarri-Aranatzen izango du irteera eta, 109,5 kilometroren ostean, Urkiolako Santutegian amaituko da, Otxandio aldetik sartuta. Amaiera 18:10 ingururako aurreikusita dago.

Hirugarren etapa, Berriatuan hasi eta amaituko dena, aurtengo gorbeheratsuena izango da, eta hiru bider igaroko dira Milloi gainetik.

Domekako azken etapa Portugaleten — Ballonti etorbidean—, izango da. 75 kilometrotan zehar, sailkapen nagusirako borrokan dabiltzanek Las Muñecas eta Saltacaballos-erako igoeretan izango dituzte aurkariari min egiteko azken aukerak.

Hamaika boluntario antolaketa lanetan

Emakumeen Bira hamaika boluntarioren lanari esker antolatzen dute. Lan batzuk ohikoak eta ezagunak dira (bidegurutzeak zaintzea, azpiegiturak muntatzea…) eta beste batzuk, berriz, bitxiak. Kuriosoen multzoan sartzen da Ane Ormaetxea durangarrari hainbatetan egokitu zaion lana: Chaperón. Zeregin deserosoa, baina beharrezkoa da dopping kontrolak berme denekin egin daitezen. Helmugaratzen den unetik bertatik, egokitu zaion txirrindulariaren ondoan egon behar du chaperon-ak uneoro, eta ezin du begi bistatik galdu dopping-aren kontrol gunera heldu, txirrindulariak dagokion potean txisa egin, eta medikuak jaso arte. Noiz edo noiz, txirrindulariak txisa noiz egingo luzaroan zain egon beharra egokitu zaiola dio Ormaetxeak: “Baina, eurak ohituta daude, eta, sarritan, deserosoagoa da guretzat eurentzat baino”.

Emakumeen Bira “txiki-txikitatik etxean bizi izan dudan proba da”, dio Ormaetxeak, bere aita antolatzaileetako bat delako. Hainbat urtez, askotariko lanak egin ditu: “Laguntza non behar den? Ba, hantxe”. Pena ematen dio beti boluntario berak dabiltzala ikusteak. Gainera, boluntario horietatik emakumezkoak gutxi direla uste du: “Esperientzia polita da, eta jendea boluntario moduan lan egitera animatu gura dut”.

Juanjo Donairek ere urte asko eman ditu boluntario lanetan. Dopping gunearen arduraduna izan da. Lan handia den arren, “gustura eta pozik” egin duen lana dela dio, “Birak merezi du hainbeste”.

Pedro Urtiaga abadiñarrak txirrindularien segurtasuna bermatzen daramatza hainbat urte. Bera eta Motobizi elkarteko kideak motorrean aurrera eta atzera ibiltzen dira zaintzarik barik dauden bidegurutzeak zaintzen: “Herrietakoak ondo zainduta egoten dira normalean, baina herritik herrira auzoetarako sarrerak-eta daude, eta arriskutsuak izan daitezke”.

Tropela osorik doanean “ez dago arazorik”, baina lasterketa apurtuta dagoenean, orduan sortzen dira komeriak: “Aurrera eta atzera ibiltzen gara. Irrati bidez komunikatuta gaude, eta koordinazioa inportantea da une horietan”. Horregatik, inportantea da “esperientziadun” jendea izatea: “Txirrindulariek errespetatzen gaituzte, badakite euren segurtasuna zaintzeko gaudela”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!