AEBetako blues musikatik hip hop errimetarainoko bidaia musikala proposatuko diete Go b(l)ack ikuskizuna gozatzera bertaratzen diren musikazaleei. Kotoi-sailetan sorturiko blues doinuetatik areto-ragtimera; New Orleanseko dixietik, swing eta big banden musikara; soul, rock eta jazzetik esperimentaziora eta hip hopera bidaiatzera gonbidatuko dituzte bihar Andra Mariako emanaldira doazenak. Durangoko musika eskolak Plateruenean antolatzen dituen jam session saioetako batean ezagutu zuten elkar Bart...Sax! taldekoek eta Beat Salad kolektibokoek, eta proiektu hori jarri zuten martxan.
Yoko Out bueltan
Urtebete inguru darama Yoko Out Durangoko zazpikoteak kontzerturik eman barik, eta gogotsu hartu dute San Fausto jaietan jotzeko aukera. Gutxi aritzen dira zuzenean, eta “ilusio handiz” hartzen dute aukera bakoitza. Zirrara berezia eragiten die biharko kontzertuak, gainera. Izan ere, baxu-jotzaile berriari ondo etorri “ofiziala” egiteko baliatuko dute.
Aurreratu dute, iaz kaleratu zuten Portabentura diskoko eta 2010ean lehena izan zuten Poeta hiltzaileen hamarkada diskoetako kantak ez ezik, kanta berriren bat ere aurkeztuko dutela Durangoko jaietan.