Urriaren 12 eta 13 jai egun ofizial direnez Durangon, jaizaleek asteburu luzea edukiko dute aurretik. Udaleko jai batzordeak eta txosna batzordeak ekintza ugari prestatu dituzte, gainera. Adibidez, bihar Gazte Eguna ospatuko dute Txosnagunean, eta domeka Umeen Eguna izendatu du udalak. Astelehenean, Marmitako Txapelketa jokatuko da, Ezkurdin.
Txartelak, herritarrentzat
Durangoko zinegotziek hainbat gonbidapen jaso ohi dituzte jaietako ekintzetarako. Adibidez, barraketarako edo kirol ekitaldietarako txartelak edukitzen dituzte, soilik kargudunak izatearren. Bada, txartel horiek herritarren artean banatzea erabaki dute EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak (Podemosek babestutako taldea). Aurten, zesta jaialdirako gonbidapenak jaso dituzte momentuz.
Iaz, barraketarako 190 txartel jaso zituen EH Bilduk, eta gauza bera egin zuen.