Azaldu dutenez, uda Euskal Herrian “bereziki gogorra” izan da emakumeen aurkako erasoei dagokienez, eta kezka agertu dute jaietan erasoak ugaritzen direlako. “Nazkatuta gaude, eta ez dugu gure herriko jaietan eraso sexista bakar bat ere onartuko. Inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu kaleak hartu eta gure amorrua adieraztea”, esan dute antolatzaileek. Gainera, erasotzaileei zuzendu zaizkie, eta Erasotzaile, argi ibili! da protestaren lemetariko bat. Mezu hori gaueko manifestazioan irudikatzeko, linternak eramatea eskatu dute. Gaua argituko dute, jaia eta gaua eurenak ere badirela aldarrikatzeko.
Horrela, sanfaustoen hasierako protagonistak emakumeak izatea gura dute: “Ezarri nahi diguten biktima papera albo batera utzi, eta kaleak hartuko ditugu, gure biziak eta gorputzak direlako jokoan daudenak”.
Txosnaguneko gida
Landako Gunea jai-giroko eremu handienetako bat izango da jaietan, Txosnagunea bertan kokatuko delako. Aurten, Txosna Batzordeak eraso sexisten aurkako gida bat argitaratu du; eskurik esku banatuko dute, eta txosnetako barretan ere egongo da. Bertan, hainbat gomendio eta telefono jasotzen dira. Lehenik eta behin, egoera bat emakumearen gustukoa ez bada, hori jakinarazteko aholkua egin dute. Erasoaren aurrean, sua!,sua! oihukatzea gomendatu dute, eta konfiantzazko lagunen edota barran lanean daudenen laguntza bilatzea ere bai. Gainera, autodefentsarako deia ere egin dute. Erasoa gertatzen bada, konfiantzazko norbaiti deitzeko aholkua eman dute, eta salaketa ipini nahi bada, gogoratu dute, garbituz gero, frogak galdu ahal direla.
Bestalde, herritar guztiei erasoen aurrean aktibo izateko deia egin die Txosna Batzordeak; eraso egoera bat ikusiz gero, emakumea babestea eta erasoa salatzea eskatu dute. Txosnetakoek ere protokolo bat edukiko dute, balizko erasotuei laguntza emateko.
Udalaren mahaiak
Udalak ere badauka protokoloa, eta informazio mahaiak ipiniko ditu zapatu bietan, 19:00etatik 22:00etara. Bihar, Alde Zaharrean egongo dira, eta 17an, Landakon. Horrez gainera, musika eta pegatina ez sexistak banatu ditu udalak taberna eta barraketan.
Eraso egoerak sufritzen dituzten emakumeek honako telefono zenbakietara deitu ahal dute: 946 030 010 (Udaltzaingoa), 944 669 300 (Ertzain-etxea), 016 (Indarkeria sexistaren aurkakoa), eta 112 (Larrialdiak).