Euskarak 365 Egun

Fausto Melchor, euskaltegiko ikaslea: "Etxean seme-alabekin erraza da euskaraz egitea; kalean lotsa gehiago ematen dit"

Abarrak AEK 2014ko aza. 28a, 10:00

Euskara ikastea urte askoko proiektua izaten da pertsona askorentzat. Eskoletara joan, gramatika ikasi, ahozko komunikazioan lotsak kendu... Bide hori daukate aurretik Durangoko Abarrak euskaltegian lehen pausoak ematen dabiltzan ikasleek. Galdetegia prestatu dute,  Fausto Melchor ikasle beteranoak erantzuteko. Melchorrek fin-fin erantzun ditu galderak.


Zenbat denbora daroazu euskara ikasten?
Hasi, hasi, aspaldi hasi nintzen, baina azken bospasei urteetan ibili naiz jarraian.

Eskolaz kanpo zenbat ordu eskaintzen dizkiozu euskarari?
Egunero-egunero irratia entzuten dut, eta euskarazko telebista ere ikusten dut batzuetan: ETB, Hamaika telebista... Egunkarian ere berri batzuk euskaraz irakurtzen ditut. ANBOTO astero-astero, Aizu! hilabetean behin... Kalean hainbatekin hitz egiten dut euskaraz, baina gehiago egin beharko nuke.

Zer metodo erabiltzen duzu euskara ikasteko?
AEK-ko Abarrak euskaltegian nago, eta kalean batzuetan mintzapraktika egiten dut.

Zure ingurukoekin edo lagunekin kalean, etxean... euskaraz hitz egiten duzu? Bizkaiera, batua ala biak erabiltzen dituzu?
Etxean, seme-alabekin-eta, errazagoa da euskaraz egitea niretzat; kalean lotsa handiagoa ematen dit. Ohitura falta ere nabari dut. Egiten dudanean nahastean egiten dut, bizkaieraz eta batuaz. Gustatuko litzaidake bizkaieraz gehiago egitea dena, baina...

Hitz egitean euskaraz pentsatzen duzu?
Normalean gaztelaniaz pentsatzen dut, eta gero itzuli egiten dut, baina batzuetan konturatu gabe ateratzen zait euskaraz.

Zer gomendio edo aholku ematen diguzu euskara gehiago ikasteko?
Pazientzia, konstantzia, baina, batez ere, gogoa izatea. Ondo pasatzea ere inportantea da euskara ikasterakoan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!