“Gure ikastola”. Horrela esaten diote Kurutziagari, eta horrela sentitzen dute; euren bizitzetako proiektu nagusietako bat izanda eta. Astigarragak gogoratzen du alaba nagusia jaio orduko hasi zirela batzartzen: “Zortzi-hamar guraso elkartzen ginen onaindiatarren etxean”.
Kurutziaga kaleko lonja batean abiatu zuten ikastola; hortik datorkio izena. “Zabaldu bai, baina mahaiak, jarlekuak...falta ziren”, eta hasiera hartan guraso bakoitzak 10.000 pezeta jarri zituela gogoratzen du Astigarragak. Zabaldu eta gutxira arazoak izan zituzten Espainiako Hezkuntza Ministerioagaz. Baimen kontuengatik trabak ipintzen hasi zitzaizkien, eta gurasoek hainbat joan-etorri egin behar izan zituzten Madrilera.
1967an, Arratiatik etorritako Miren Artetxe andereñoagaz jarri zen abian ikastola, hogei ume ingurugaz. Geroago eta guraso gehiago animatu ziren proiektu berrian parte hartzera. Kurutziaga kaleko lonja txiki geratu zen, eta gaur egun ikastola dagoen lekura mugitu ziren umeak, lehenago bertan zegoen Goialde txaletera. Hor hasi zen Maribi Estankona beharrean: lehenengo, andereñoen umeak zaintzen, eta, gero, haurtzaindegian.
Goialde txaleta ere txiki geratu zen, eta gaur egungo eraikina sortzen hasi ziren. Bidean gurasoek lan handia egin zutela gogoratzen dute: “Ikastola garbitzen genuen, margotzen genuen, konponketak egin genituen...”, adierazi du Estankonak. Jaietan txosnarako hamaika tortilla egindakoak dira orain ikastolako aitita-amama direnak. Ilusio eta inplikazio handiko garaiak izan ziren. “Lagun batek esaten zidan: ‘Ez dakit zelan eroaten dituzuen umeak ikastolara, zoratuta zaudete; ordaindu eta, gainera, ikastola garbitzera joan?’”.
Durangon euskararen egoera hobetu egin dela uste dute: “Eta eskerrak ikastolari! Hemen hasi zelako dena. Alderdi politikoek ikastola itxiko balute, lehengo moduan egongo ginateke”, dio Astigarragak.
Ikastolaren sorreran amestu ere ez zuten egiten Ibaizabal ikastolagaz: “Kurutziaga ikastolaren ostean jarraipena edukitzea, hutsune hori betetzea, oso inportantea izan da nire ustez”, azaldu du Polentzi Ortegak.
Ziburura begira
Ziburuko (Lapurdi) alkateak Kaskarotenea ikastolari ipinitako trabak ahotan hartu, eta duela berrogei urte Durangon bizi izandakoaren antza hartzen diote egoerari. Kaskaroteneakoak laguntza eskatzen dabiltzala, eta, diruz bada ere, hemengo ikastoletatik lagundu beharko zaiela adierazi dute. Ortegak Ziburuko udalaren borondate falta nabarmendu du: “Herritarrak ikastola eskatzen dabiltza, eta, lagundu ordez, zarratu egin gura dute”.