Atzo bete ziren 77 urte italiar faxistek, Mola jeneralaren aginduz, Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten egunetik. Durangon triskantza eragin zuen erasoak: 336 hildako, hamarnaka zauritu, eraikinak suntsituta... Erasoan hil ziren biktimen omenez hainbat ekitaldi burutu zituzten 31ren bueltako egunetan. Atzo ekitaldi bi egin ziren; eguerdian kanposantuan udalak sustatuta, eta iluntzean Andra Marin, Gerediaga Elkarteak antolatuta. Bonbek kaltetutako elizaren alboan herritar ugari batu ziren, oroimena bizirik dagoela erakutsita. Ekitaldi hunkigarria izan zen.
Leire Bilbao idazleak oroimenaren eta bakearen aldeko manifestua irakurri zuen. Ostean, Juanito Gallastegi abadeak eta erasoaren lekukoak lore eskaintza egin zien biktimei. Kriskitinekoek aurreskua dantzatu, eta Amaia Urzainkik urtemugako kantua abestuz amaitu zen.