EH Zuzenean
Euskal Herria Zuzenean ekimena 1996tik dabil beharrean Ipar Euskal Herrian, festibal baten bitartez, hiru egunetan beste gizarte eredu bat planteatzen. Musika kontzertuez gain, antzerkiak, hitzaldiak eta hainbat adierazpen artistikoz osotzen dute egitaraua. EH Zuzeneaneko Eneko Etxegaraik festibal euskalduna dela nabarmendu du, antikapitalista, feminista eta garapen iraunkorraren aldekoa.
Ohiko festibalen kontsumo eredua barik zerbait desberdina egin gura izaten dute EH Zuzenean. Festibala antolatzeko ez dute enpresa pribatuen dirurik onartzen, eta antolaketa auzolanean oinarritzen da. Eneko Etxegarairen berbetan, auzolana bera da ekimenaren indargunea. Komunikazioa ere auzolanean sortutako sareen bidez egiten dute. Langile bi dauzkate lanean urte osoan, eta beste lan guztia borondatezkoa da.
Hala Bedi
Gasteizko Hala Bedi irrati libre beteranoa da, iaz hogeita hamar urte bete zituen eta. Bi informazio magazine eta mota askotako berrogei irratsaio baino gehiago dauzka momentu honetan Hala Bedik. Manex Agirre bertako kideak esan duenez, astean gutxi gorabehera ehun lagun pasatzen dira irratiko estudioetatik. Bigarren emisio bat sortu dute, Halabedi 2, bertan euskara hutsezko programazioa edukitzeko asmoagaz.
Irratiak izaera kritikoa duela nabarmendu du Agirrek: "Beste komunikabideetan entzuten ez denari garrantzia ematen diegu; ahotsik ez dutenei ahotsa ematea gura dugu". Horrek proposamen berrietarako ausardia ematen du Agirreren ustez. Halabedi, irratia izateaz gainera, kolektibo bat dela azpimarratu du: "Ez da estudiora sartu, mikrofono aurrean jarri eta listo". Parte hartzeko leku bat da. Irratian aniztasun handia dagoela esan du, eta hori oso aberatsa da beretzako: "Kolektibo saharauiak, adibidez, programa bat du. Irratian ez banengo, ez dakit inoiz saharaui batekin berba egiteko aukera izango nukeenik".
Euren diru-sarrerak bazkideengatik -ia 600 dituzte- eta Gasteizko jaietako txosnatik jasotzen dituzte. Hiru liberatu daude bertan lanean, lan-ordu erdira.
Azpeitiko kultur mahaia
Herriko kultur talde guztiak batzeko bilgunea da Azpeitiko kultur mahaia. Hogeita bi dira guztira, eta bere garaian, Azpeitiko gabeziei aurre egiteko sortu zuten bilgunea. Kepa Urbieta bertako kideak azaldu duenez, plangintza falta bati erantzuteko batu ziren: "Azpeitian ez zegoen euskararen arloan, kultura arloan ezta komunikazio arloan plangintzarik, ezta kultura arloko pertsonak batzeko eraikinik ere ez". Ekintzak antolatzen zirela baina bakoitzak bere aldetik jarduten zuela azaldu du.
Kultur eskaintzaren egutegia egitea eta jarduera horiei komunikazioa egitea dira kultur mahaiaren helburuetako batzuk. Kultur ekitaldiak egiteko espazio baten beharra ere ikusi dute hasieratik, eta 2011tik San Agustin kulturgunea kudeatzen du kultur mahaiak. Udalak lehiaketa publikora atera zuen espazio horren kudeaketa, eta kultur mahaiak bere burua aurkeztu zuen lan horretarako.
Taldeko partaideak oso anitzak izanik, harremanak "zaindu beharreko gauza" direla uste du Urbietak. Iaztik bost lan-ildo sortu dituzte kultur mahaiaren funtzionamendurako: Sormen lan-taldea, San Agustin kudeatzeko lan-taldea, egutegi orekatua egiteko taldea, transmisioari dagokion taldea eta udaleko kultura aurrekontuetako proposamenak lantzeko taldea.