Herri kulturgintzaren esperientzia trukea proposatuko dute Berbertanen

Anboto 2014ko ots. 15a, 09:00

Iruñeko Katakrak, Gernikako Astra, Euskal Herria Zuzenean festibala, Azpeitiko kultur mahaia eta Gasteizko Hala Bedi izango dira protagonistak.

 

Plateruena Kafe Antzokiak zilarrezko programazioaren barruan Berbertan zikloa antolatu du otsailerako. Aurtengorako aukeratu duten gaia herri kulturgintzari buruzkoa izan da. Euskal Herrian martxan dauden hainbat esperientzia trukatzea da proposamena. Nerea Iriarte kazetariak gidatuko ditu hurrengo bi eguenetan egingo dituzten elkarrizketak.

Datorren eguenean, arratsaldeko 20:00etan, Hedoi Etxarte Iruñeko Katakrak proiektua aurkeztera etorriko da. Liburu denda, kafetegia eta jatetxea batzen dituen ekimena zelan jarri duten martxan, eta zer filosofiagaz diharduten azalduko du.  

Leire Lopez Ziluagak, berriz, Gernikako Astra proiektuaren inguruan berba egingo du. katakrakArma lantegi zaharreko eraikinean kulturarako fabrika soziala sortu dute. Astra Koordinadorak kudeatzen duen espazioan herriko hamabost elkartek dihardute.

Otsailaren 27rako, Berbertanen bigarren hitzordua antolatu dute, 20:00etan. Hiru hizlari izango dira Platerueneko taula gainean. Eneko Etxegarai Euskal Herria Zuzenean jaialdiaz mintzatuko da. 1996an sortutako jaialdiak elkarlana eta euskara bultzatzea du helburu, besteak beste. 

Kepa Urbietak Azpeitiko kultur mahaiaren izenean bisitatuko du antzokia. Herriko hainbat kolektibok osatzen duten mahaiak Azpeitiko Sanagustin kulturgunea kudeatzen du. Azpeitian esperientzia horrek izan duen bilakaera izango du berbagai.

Zikloko azken solaskidea Gasteizko Hala Bedi irratiko Manex Agirre izango da. Herri mugimenduaren ekimenez sortu zen Hala Bedi irratia autogestioan oinarritzen da, eta asanblada bidez funtzionatzen jarraitzen du. Bazkidetza bidez finantzatzen den proiektuak Halabelarriak ditu sustatzaile nagusi. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!