Astra eta Katakrak: gabeziei erantzuteko kulturguneak

Anboto 2014ko ots. 21a, 09:50

Berbertanen lehenengo solasaldian Gernikako Astra eta Iruñeko Katakrakeko kideak izan dira berbetan. Leire Lopez Ziloagak eta Hedoi Etxartek kulturgintzarako sortu diren espazio horien berri eman dute. Herrietara eta herritarrengana zabalik dauden espazioak dira, Gernikan eta Iruñean egon diren hutsuneak betetzeko jaioak.

 

Kudeaketa asanblearioagaz dabiltza martxan Gernikako Astra eta Iruñeko Katakrak.

Gernikako kasuan, hasiera baten gazte asanblada zenak herritarrei zabaldu gura izan dien espazioa da Astra; 2.600 metro karratutan kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak, batzarrak... hainbat ekitaldi egiteko espazioa eskaintzen du. Behar hori egon da Gernikan. Leire Lopez Ziloagak azaldu duenez, Astra sortu aurretik hogeitabi musika talde zeuden lokal barik, eta elkarteek betidanik izan dute espazio falta Gernikan. "Elkarrekin pentsatu eta erabakitzen" ikasi dute, eta herri mailan sarea egitea lortu dute.

Astraen izaerari buruz, Lopez Ziloagak azaldu du hainbat erabilpen izan ditzakeela. Egitaraua Gernikako talde sozial eta kulturalek antolatzen dute: "Herritar bakoitzak bere egin eta erabaki dezala zer den Astra beretzako. Gazte batentzat gaztetxea bada, horrela erabili dezala. Sortzaile batentzat sorkuntza tailer bat bada, horrela erabili dezala". Lehengo arma fabrika zaharra udalak erosi zuen, eta orain herritarrek kudeatzen dute.

Iruñean, La Hormiga Atomica ekimenaren ostetik jaio da Katakrak. Hasierako helburua kultura kritikoa liburuen bidez sustatzea izan dela azaldu du Hedoi Etxartek. Izan ere, Katakrak barruan 25.000 liburuz osatutako liburudenda daukate, % 60 baino gehiago, saiakerak: "Liburu horiek ez badaude nonbaiten ematen du jendeari ez zaizkiola gai horiek interesatzen, baina kontrara da, liburuak egoteko lekurik esistitzen ez bada, ezin da jakin interesa dagoen". Liburu-dendaz gainera, kafetegia eta jantokia dituen kantina dauka Katakrakek, eta baita erabilera anitzeko aretoa, besteak beste, hitzaldiak, asanbladak eta prentsaurrekoak emateko.

Iruñeko lehen okupazio mugimenduaren izena eman diote espazio berriari. Modu asanblearioan egiten dute lan, eta kooperatiba eta fundazioa sortu dituzte proiektua aurrera ateratzeko. Etxarteren berbetan, orain arte, Iruñerrian ekimen asko sortu dira, baina ez dute asko iraun. "Iruñean gabeziak daudelako izan du Katakrakek arrakasta. Gabezi horiei erantzuteko dago eginda".

 

Datorren asteko solasaldia

Herri-kulturgintzako beste esperientzia batzuk ezagutu ahalko dira datorren asteko Berbertan saioan. Euskal Herria Zuzenean festibala, Azpeitiko kultur mahaia eta Hala Bedi irratiko lagunak izango dira Plateruenean, otsailaren 27an, 20:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!