Zabaldu dute Berdeago, ingurumenagaz lotutako azoka

Anboto 2014ko urt. 24a, 13:17
Domekara bitartean, arloagaz zerikusia daukaten 50 enpresak euren produktuak erakutsiko dituzte. Gainera, berbaldiak eta tailerrak ere egongo dira aukeran. 12:00etan egin dute inaugurazioa; azkenean ez da Iñigo Urkullu lehendakaria etorri, antolatzaileek iragarri arren.

Aitziber Irigoras alkateak eman dio hasiera azokari, argia pizteko balio duen bizikleta batean pedalei eragiten. Sarrera hitzaldian eskerrak eman dizkie antolatzaileei, eta udal gobernuaren ildoan hausnartu du:"Udalak garrantzi handia eman dio herriaren etorkizuna garapen jasangarriaren esparruan imaginatzeari". Esan du herritarrek ekarpena egin dutela Agenda 21eko foroaren bitartez, eta 2020rako Ekintza Plan berriak hainbat tresna ekarriko dituela uste du, "etorkizuneko egoera hori errealitate bihurtzeko" norabidean. Aldundiko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak ere egon dira inaugurazioan. Jose Antonio Galera ingurumenerako sailburuordeak esan du administrazioek batera egin beharko luketela lan, norabide berean. Hamabost urteren bueltan, jendarte arduratsu bat lortzea gurako luke.

Mondragon Unibertsitateko ikasle talde batek antolatu du Berdeago. Ibilgailu elektrikoak, berogailuak, energia aurrezteko makinak... Produktu ugari daude ikusgai. Egunotarako zortzi berbaldi eta zazpi tailer prestatu dituzte, eta Landako Gunean 10.000 lagun batzea espero dute.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!