Ingurumena ardatz, barikuan zabalduko dute Berdeago azoka

Anboto 2014ko urt. 22a, 09:43
Iazko edizioa izan zen lehenengoa. Aurten 10.000 lagun batu gura dituzte Berdeago azokan.
Barikutik domekara bitartean Ingurumen Iraunkortasunaren Euskal Azoka egingo da Landako Gunean. Berdeago izenagaz ezagunago, iaz sortu zuten ekimen hau Mondragon Unibertsitateko bost ikaslek, eta aurtengo bigarren edizioagaz sendotzeko bidean dator. Egitarau luzea prestatu dute, ingurumena ardatz hartuta

 

Alde batetik, arloagaz zerikusia daukaten enpresek euren produktu edo zerbitzuak erakutsiko dituzte, eta, bestetik, berbaldiak eta tailerrak egongo dira. 10.000 bisitari edukitzera ailegatu gura dute antolatzaileek.

Bariku eguerdiko 12:00etan zabaldu dute azoka. Inaugurazioan Iñigo Urkullu lehendakaria egongo zela iragarri zuten antolatzaileek martitzenean, ekimena aurkezteko prentsaurrekoan. Aitziber Irigoras alkatearen laguntzagaz eman zuten informazioa Berdeago azokaren bultzatzaile Matxalen Palaciok eta Iñigo Peñak. Palaciok azaldu zuen aurten 50 enpresak parte hartuko dutela azokan, iaz egondakoen aldean heren bat gehiago. "Horietatik ugari Durangokoak dira, eta hori oso garrantzitsua da". Enpresa kopuruaren igoerak ekimenarekiko konfiantza erakusten du Palacioren ustez. Bertan egongo dira ikusgai, adibidez, energia aurrezteko galdarak edota ibilgailu elektrikoak. 

Fakturak ulertzen ikasi

Zortzi berbaldi eta zazpi tailer prestatu dituzte bertaratzen direnek informazioa jaso eta ezagutu dezaten. Iñigo Peñak adierazi zuen interes handia piztu duela argiaren fakturak ulertzen ikasteko tailerrak. Kontsumitzaileak zer eta zelan ordaintzen duen erakutsi gura dute, eta horretarako aditu bat ekarriko dute Madriletik. Berbaldien artean, kutsadurak pertsonarengan sortzen dituen ondorioak, energia berriztagarriak eta etxeetan obrak egiteko urratsak daude, besteak beste. Domekan, 17:45ean, zaborra batzeko sistemak izango dituzte hizpide. Aditu bik eztabaidagai izango dituzte hondakinen atez ateko bilketa sistema eta bosgarren kontainerraren bidezko bilketa eredua

Bestalde, auto eta bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere emango dute Berdeago azokaren harira. 

Durango, “epizentro”

"Udalaren ikuspegitik pozarren hartzen dugu ekimen hau". Aitziber Irigoras alkatearen berbak dira. Bere iritziz, Durangoko hainbat eragilek eta merkatarik parte hartzea oso garrantzitsua da, eta ekimenak frogatzen du gazteak ingurumenaren aldeko esparruan lanean dabiltzala. Asteburu honetan "Durango mugimendu berde baten epizentro bihurtzea" gurako luke Aitziber Irigorasek. 

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!