"EAJren ingurumenarekiko politika suntsitzailea" kritikatu du EH Bilduk

Anboto 2014ko urt. 24a, 14:36

Berdeago azokaren inaugurazioaren harira, EH Bilduko legebiltzarkideek eta zinegotziek protesta egin dute EAJren aurka. "Urkullu, iruzurrik ez, porlana ez da berdea!" lemapean batu dira Landako Gunearen ateetan.

"Euren politika ez da ekologikoa, ez berdea, ez iraunkorra". Eider Uribe zinegotzi durangarraren berbak dira. Frackinga, AHTa eta harrobiak ipini ditu adibide EAJren politika "suntsitzailea" dela esateko. Oskar Matute legebiltzarkideak adierazi du Euskal Herria "porlanezko orbainez" betetzen ari direla politika horren ondorioz. "Gure inguru naturala suntsitzearen aldeko apustua egiten dute frackingaren bitartez", jarraitu du Matutek.

Kritikatu dute gaur jeltzaleak eta Eusko Jaurlaritzakoak propagandarako argazkia ateratzera joan direla Berdeago azokara. "Iraunkortasuna asteburu bateko pegatina legez erabiltzen dute, baina berez,gainetik jartzen dituzte ingurumenaren bizkar mozkina bilatzen duten enpresen interesak".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!