Durangoko San Agustinen izango da bihar emanaldia, eta, gero, Erandion eta Urdulizen ere eskainiko dute Guernica 1913 antzezlana. Bestalde, gaur, 18:30etik aurrera, Durangoko Andra Marin egongo dira Banarteko kideak, jendea biharko emanaldira gonbidatzeko: kalera aterako dute obraren eszenografia, promoziorako.
Benetako gertakarietan oinarrituriko obra da Guernica 1913: Gernikazarra historia taldeko Txato Etxanizek jasotako informazioan oinarriturik, eta bere aholkularitzagaz, Rafa Hercek duela 15 urte inguru idatzirikoa. Durangoko Geroa antzerki taldeko kide izandako Sardo Irisarri da obraren zuzendaria, eta, besteak beste, Aitor Coello taldekideak egindako musika dauka.
XX. mende hasieran Gernikan jazotako klase borrokari loturiko gertaera historikoa du oinarri antzezlanak: armagintzako Esperanza y Unceta enpresako (gero Astra izenez ezaguna egingo zena) langile eibartarrek 1913ko udazkenean Gernikan egin zuten greba.
Lantokia Eibartik Gernikara aldatu dietenean, Busturialdera lanera eta bizitzera doazen Fermín Larragoicoa eta Justina Garate bikotea, eta Arrate euren alaba dira Banarteren lanaren protagonistak. Antagonikoak ziren bi munduren, bi klase sozialen, elkartzetik sortu zen gizarte berriari buruzko obra da, eta ehun urte geroagoko, gaur egungo, gizarteari buruzko gogoeta ere egiten du Banartek. Izan ere, antzezlaneko eszenetako batzuk 2013. urtean kokatu dituzte.