“Antzezlana oso bizirik dago; entseguak egiten eta gauzak hobetzen jarraitzen dugu oraindik”

Anboto 2014ko urt. 25a, 08:00

Justina Garateren papera antzezten du Dolma Romera durangarrak 'Guernica 1913' obran. San Agustin kulturgunean eskainiko du Banartek antzezlan hori, gaur, 20:00etan.

'Guernica 1913' da parte hartu duzun obrarik zailena?

Bestelako lana da hau. Abuelita de Batman komedia zen, eta Guernica 1913 drama. Asko nabil disfrutatzen obra honekin; denbora gehiagoz egoten naizelako oholtzan, besteak beste. 

 

Asko landu duzu pertsonaia?

Sardo Irisarri zuzendariaren lanari esker, ez naiz kontziente izan pertsonaia prestatzeko esfortsu eta lan handia egin dudanik. Sardoren lan egiteko moduari esker, ez naiz konturatu zenbat nabilen ikasten. Oso oso gustura jardun dut pertsonaia prestatzen. Berak zer nahi duen esaten dit, eta nik, zer gura duen ulertzen dudala sentitzen dut.

 

Noiztik zabiltzate zuzendariarekin lantzen obra hau?

Duela urtebete ingurutik. Testua ikastea da lehenengo pausoa, gero, ekintzak eta eszenak zelan gauzatuko ditugun zehaztea, eta, azkenik, jarrera lantzea. Parterik politena izan da azken hori. Baina lan hau oso bizirik dago, entseatzen jarraitzen dugu, eta gauzak hobetzen. Sorkuntza prozesua ez da amaitu.

 

Zelako aldaketak barneratu dituzue antzezlanean?

Txato Etxaniz historialaria gure entseguetan egon da, esaterako, gure lanari bere ekarpenak egiteko, antzezlana ikuspegi historikotik aberasteko. 

 

Zelakoa da zure Justina?

Etxeko zutabea da. Alaba bat dauka aitak jakin ezin duen arazo handi batekin. Bere senarra sindikalista da, eta oso lanpetuta dabil grebaren kontuarekin; eta Justina erdian dago. Lan egiten du, eta langileak grebara bideratu dituen egoera berak ere bizi du bere azalean.

 

Harrigarri egin zaizu duela 100 urteko historiaren parte hori?

Egia esan, ez. Elkartasun eta kontzientzia sozial txikiagoa daukagun arren, harrigarria egiten zaidana da zelako antzekoak diren orduko gizartea eta gaur egungoa. Penagarria da, baina problemak berberak dira.

 

Zenbat denbora daramazu Banarte taldean? Zelan hurreratu zinen taldera?

Duela bost urte sartu nintzen taldera, betidanik eduki dudalako antzerkiarekiko interesa. Orain bost urte lagun batek egin zidan Banarteri buruz berba, eta horrela hasi nintzen.

 

Zer lan mota egin duzu Banarterekin hau baino lehen?

Lehenengo Banartek eskaintzen duen antzerkigintza ikastaroekin hasi nintzen, gero, ikasturteko emanaldian parte hartzen hasi nintzen, eta bi obratan hartu dut parte. Abuelita de Batman, eta bihar eskainiko dugun Guernica 1913n.

 

Durangarra izanda, San Agustineko emanaldiak urduritasun berezia sortzen dizu?

Egia esan, bai. Errespetu handia ematen dit Durangon aritzeak. Baina urduritasun gozoak dira.

 

Zer ematen dizu antzerkiak?

Agertokira igotzen naizenean, guztiz aldentzen naiz, ahaztu egiten zait inguruko guztia, eta asko gozatzen dut. Antzerkia eta Banarte taldea, nire uhartetxoak dira: beste batzuk mendira edo gimnasiora joaten diren bezala, ni antzerkiak eta bere inguruko guztiak barrubetetzen nau.

 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!