Hasi dira Sanfaustoak

Anboto 2013ko urr. 11a, 20:25

Dendak Bai elkarteko kideek jaurti dute txupinazoa, udaletxe plaza jendez beteta zegoela. Hainbat aldarrikapen batu dira bandera eta pankartetan. Herritar batzuek EAJren aurkako pankarta bat ipini dute Correos-ena zen eraikinean

Dendak Bai elkarteko kideek jaurti dute txupinazoa, udaletxe plaza jendez beteta zegoela. Hainbat aldarrikapen batu dira bandera eta pankartetan. Herritar batzuek EAJren aurkako pankarta bat ipini dute Correos-ena zen eraikinean.

 

Hasi dira 2013ko San Fausto jaiak. Urriaren 20ra bitartean, jaiak ez du etenik izango. Dozenaka ekintza daude iragarrita: Zezenak dira, lehiaketa gastronomikoak, kontzertuak... Dendak Bai elkarteko Guillermo Oarbeaskoak eta Amaia Munitxak irakurri dute pregoia. Elkarteak 30 urte beteko ditu laster, eta hasierako sasoiak izan dituzte akorduan. Gaur egunera etorrita, esan dute komertzioa bizirik dagoen herria herri bizia dela. Durangarrei ondo pasatzeko deia egin diete, baina errespetuz jokatuz. Ostean, txapligoa bota dute.

 

Udaletxe plaza jendez gainezka egon da. Hainbat aldarrikapen ikusi ahal izan dira; presoen eskubideen aldekoak, esaterako. Deigarria izan da EAJren aurka herritar batzuek egindakoa: Correos-ena zen eraikinean pankarta bat eskegi dute. Komiki ezaguneko Pepe Gotera eta Otilio pertsonaiak agertzen ziren bertan, "EAJren txapuzak konpontzen" lema alboan zeukatela. Asteon kartel batzuk agertu dira herrian pertsonaia horiek erabilita, etxebizitza arazoaren inguruan eztabaida sortu guran.

 

Luntxa

Txupinazoaren ostean luntxa egon da udaletxean batu direnentzat. Udaleko kargudunak, euren senitarteko batzuk, herriko elkarte batzuetako kideak... Jende ugari egon da bertan. Tartean egon da Andoni Ortuzar ere, EAJko Euskadi Buru Batzarreko presidentea.

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!