Gaur, 20:00etan jaurtiko dute San Fausto jaietako txupinazoa Dendak Bai elkarteko kideek.
Guztia prest dago gaur San Fausto jaiei hasiera emateko. 20:00etan jaurtiko dute txupinazoa, udaletxetik, eta handik ordubetera Txosnagunean jaurtiko dute. Gaur agertuko dira herritarren aurrera jaietako ikurrak, Patxikotxu eta Pantxike, eta urriaren 20an alde egin arte festaren lekuko izango dira.
Dendak Bai elkarteko kideek botako dute udaletxeko balkoitik txupinazoa, eta pregoia ere eurek irakurriko dute. Hortik aurrera, dozenaka ekintza egongo dira jaiak ospatzeko. Disfraz Egunean koadrilaka edo taldeka egingo duten desfilea izango da aurtengo nobedadea. Urriaren 19a izango da mozorroak janzteko eguna, eta desfilea 18:30ean hasiko da Madalenan, eta Andra Mariaraino joango dira.
Nobedadeez gainera, tradizioak ere mantenduko dituzte Durangon. Zezenak dira ekitaldian bigantxen aurrean korrika egiteko aprobetxatuko dute askok urriaren 12, 13, 14, 19 eta 20a. Etzi izango da patroiaren eguna, San Fausto. Udaletxean ohiturazko artopilen banaketa egingo dute 12:30ean, eta ostean, dantzariek saioa eskainiko dute. Bestalde, barrakak Faustebidea kalean egongo dira, eta kaleko saltzaileen postuak Askatasun etorbidean.
Txosnak
Txosnaguneko egitarauan ere San Fausto eguna izango da indartsuenetako bat. Paella lehiaketa egingo dute Pinondon, eta dagoeneko 500 lagunetik gora daude apuntatuta. Erreka jaitsieran ere ausartuko dira arratsaldean. Osterantzean, Gazte Eguna ospatuko dute bihar, eta urriaren 19an elkartasun Tantaz tanta Eguna ere bai.
Edatekoa eta jatekoa eskaintzeaz gainera, ekitaldiak ere egongo dira Gukan. Esaterako, urriaren 14rako umeentzako jolasak prestatuko dituzte, eta urriaren 18an Aiko erromeria taldeagaz dantzan ikasteko aukera egongo da. |