'Jaietan ere, euskaraz hobe' leloagaz dator GUKA

Anboto 2013ko urr. 7a, 13:07

AEK, EHE, Ibaizabal ikastola eta Berbaro taldea (Berbaro euskara elkartea, Plateuena Kafe Antzokia eta Anboto astekaria) dira ekimenaren bultzatzaileak

AEK, EHE, Ibaizabal ikastola eta Berbaro taldea (Berbaro euskara elkartea, Plateuena Kafe Antzokia eta Anboto astekaria) dira ekimenaren bultzatzaileak.

 

\"\"

 

Guka, lehenengo pertsonan, pluralean. Durangon euskalgintzan diharduten hainbat elkarte eta eragilek izen hori jarri zioten iaz San Fausto jaietarako sortutako guneari. AEK, Euskal Herrian Euskaraz, Ibaizabal ikastola eta Berbaro taldea (Berbaro euskara elkartea, Plateruena Kafe Antzokia eta Anboto astekaria) dira ekimenaren bultzatzaileak.

 

Eragile eta elkarte horietako langile eta militante ugari elkartu ziren eguaztenean Pinondon, aurten Gukak izango dituen nobedadeen berri emateko.

 

Guka egitasmoa iaz jarri zuten martxan estreinako aldiz, eta harrera oso ona izan zuela diote. Bigarren edizio honetarako lelo berezia prestatu dutela jakitera eman dute: Jaietan ere, euskaraz hobe. Jaia eta ondo pasatzeko gogoa dagoen lekuetan euskararen erabilera bultzatzea gura dute. “Esaldi horrek gure hel- burua argi eta garbi azaltzen du”, gaineratu dute.

 

Urriaren 11tik 20ra bitartean izango diren jaietarako, Pinondo plaza apainduko duen oso dekorazio berezia prestatzen dihardute. Jaiekin lotutako esaldiak euskaraz batu dituzte, eta horrekin jantziko dute 30 metroko luzera izango duen karpa. “Dekorazioan ahalegin handia egiten gabiltza. Bisitarien gustukoa izatea itxaroten dugu denok. Esaldi horiekin, euskaraz berba egiteko gonbita luzatu gura diegu karpara datozen denei”.

 

Euskalgintza uztartuz

Euskaraz bizi direnen eta bizi gura dutenen espazioa da Guka. Euskara herri bizitzara ekarri, eta euskaraz bizitzeko guneak sortzea da bere sortzaileen gogoa. Momentuz, jaietara mugatu dute ekintza eremua, baina aurrerago, urte osoan, beste ekintza batzuetarako euskalgintza antolatzea dutela jomuga azaldu dute.

 

Jaiak gerturatzen ari direla kontuan hartuta, Gukako kideak jo eta ke dabiltza guztia prestatzen. Aurrelana ere garrantzitsua dela iritzita, dekorazioan eta muntaian dihardute. Jaiak auzolanean eta elkarlanean ulertzen ditu Gukak. Lan handia gelditzen denez egiteko, deialdi zabala egin diete Durangoko eta Durangaldeko euskaltzaleei ekimenagaz bat egin, eta Gukan parte hartu dezaten. Txosnako txandetan, muntaian, ogitartekoak egiten, edo bestelako lanetan, bakoitzak bere lekua aurkitzea gura dute. Horretarako, astekaria@anboto.org helbide elektronikora mezua bidali daiteke, edo 946 232 523 telefono zenbakira deitu.

 

Aikorekin dantzan

Txosnaguneko jai egitarauaren barruan, urriaren 18an, 20:00etan, erromeria antolatuko dute, Aikoren eskutik. “Dantzarako musika jotzearen gozamena, eta dantzarako gustua zabaltzen du taldeak: musika jo, dantzatu eta dantzatzen irakatsi”. Horretarako, herri dantzak irakasteko, zuzeneko musika eskaintzen dute taldeko musikariek.

 

Guka Twitter-en

Urte guztian aktibo egongo den Twitter-eko kontua sortu du Gukak: @euskarazGUKA. “Sare sozialen bidez, euskalgintzan gabiltzanok urte osoan euskararen alde eta elkarlanean egiten dugunaren erakusleiho bihurtzea da asmoa”.

 

Umeen Eguna

Umeen Eguna antolatuko du Gukak urriaren 14an. Gaztelu puzgarriak, jolasak eta tailerrak prestatuko dituzte umeen gozamenerako. Berbaro euskara elkarteak badu eskarmentua gaztetxoen aisialdian, eta ume eta gurasoei parte hartzeko deialdia egin diete. 11:00etatik 14:00etara Santa Ana plazan ezarriko dute jolas gunea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!