Luzapenean berdindu du bederatzi jokalarigaz zebilen Baskoniak

Anboto 2013ko ira. 23a, 10:10
Partiduko azken segundoan izoztuta geratu ziren Tabirara batutako zaleak. Kulturala 1-0 irabazten zihoan bederatzi jokalarigaz zebilen Baskoniaren aurka eta Basauriko taldeak, ustekabean, berdinketa lortu zuten

Partiduko azken segundoan izoztuta geratu ziren Tabirara batutako zaleak. Kulturala 1-0 irabazten zihoan bederatzi jokalarigaz zebilen Baskoniaren aurka eta Basauriko taldeak, ustekabean, berdinketa lortu zuten.

 

Durangoko Kulturala Baskonia baino hobea izan zen; lehenengo zatian zertxobait gehiago eta bigarrenean nabarmen. Joko handi barik hasi zen partidua eta zelai erdian bata besteari nagusitu ezinda ibili ziren talde biak. Baskonia Aritz Alberdiren inguruetara hurreratu zen bakoitzean Garcesek eta Galarzak osatutako zentral bikotea seguru aritu zen. Galarzak pare bat baloi arriskutsu moztu zituen abiaduran, zaleen txaloak jasoz.

 

Kulturalaren aukerarik onena Beñat Alberdik izan zuen. Zelai erdiko jokalarien jokaldi eder baten ostean, Alberdi atezainarekin buruz buru geratu zen eta baloia gehiegi gurutzatu zuen. Bigarren zatiko ordulaurdena bete orduko Gorka Iturraspe Baskonian dabilen Athleticeko jokalaria lesionatuta erretiratu zen. Ander Iturraspek harmailetatik ikusi zuen anaia atsekabetuta zelan erretiratzen zen. Ordurako Kulturala aurretik zegoen markagailuan. Bigarren zatia hasi eta berehala Mikel Abad Tottik jokaldi bikaina egin zuen; pare bat jokalariri izkin dotore egin, Mallagaraigaz hormarena egin, ezker hegaletik arearantz sartu eta penalti puntuan zain zegoen Ekaitzi eman zion baloia.

 

Ekaitzek ederto aprobetxatu zuen Tottiren artelana. Gatxenak eginda zirudien eta ondorengo minutuetan errenta handitzeko hainbat aukera izan zituen Imanol de la Sotaren taldeak. Aitor Bilbaok ere partidu ona jokatu zuen zelai erdian. Egia esanda, bigarren zati ona jokatu zuen Kulturalak eta ematen zuen edozein jokalditan bigarren gola helduk zela; are gehiago, Baskonia hamarregaz lehenengo (txartel gorri zuzena) eta bederatzigaz ondoren (bi txartel hori) geratu zenean. Beñat Alberdik eta Tottiren ordez zelairatu zen Cortezonek aukera on bana izan zuten, baina ezin izan zuten partidua erabakita utzi. Luzapenean, 92. minutuan, Baskoniak ustekabean berdinketa lortu zuen, Tabirara batutako zaleak izoztuta utziz. Ez zegoen beste ezertarako astirik.

 

Kulturala zortzigarren dago sailkapenean 8 puntugaz, aurretik dituen Zalla eta Portugaletegaz eta atzetik duen Oiartzunegaz puntuetara berdinduta. Datorren asteburuan lau puntugaz dagoen Amurrio bisitatuko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!