Sodupek merezita eraman zituen hiru puntuak Tabiratik

Anboto 2013ko ira. 2a, 09:42
Denboraldi berrian etxean jokatzen zuen aurrereneko partidu ofizialean Durangoko Kulturalak 0-1 galdu zuen zapatuan. Sodupe gehiago izan zen partiduko zatirik handienean. Hala ere, partiduko aukerarik onenean, Beñat Alberdik penalti bat huts egin zuen.

Denboraldi berrian etxean jokatzen zuen aurrereneko partidu ofizialean Durangoko Kulturalak 0-1 galdu zuen zapatuan. Sodupe gehiago izan zen partiduko zatirik handienean. Hala ere, partiduko aukerarik onenean, Beñat Alberdik penalti bat huts egin zuen.

 

Gernikan lortutako garaipenak emandako hegoekin, Sodupe igo berriak aurkari ezinhobea zirudien zaleen aurrean denboraldiko lehen garaipena lortzeko, baina partidu amaieran bestelako sentzazioa geratu zitzaien zaleei: oraindik lan handia dago egiteko.

 

 Kulturalak taldea ia erabat eraberritu du aurten eta jokalari berrietako asko oso gazteak dira. Sodupe talde igo berria da, baina iazko taldeari eusten dio eta mekanismoak barneratuta ditu. Testuinguru horretan, Sodupe gehiago izan zen; ez dute harrokeria handietan ibiltzeko jokalaririk, alde horretatik mailari eusteko borrokan ibiliko den taldea dirudi, baina talde lan sendoan oinarrituta, eurenak izan ziren aukerarik onenak eta merezimendu osoz eraman zituzten hiru puntuak.

 

Partiduko lehen aukera biak Soduperenek izan ziren; horietako batean Aritz Alberdi atezainak eta Asier defentsak ez zuten elkar ulertu eta Sodupeko aurrelariak ia gola sartu zuen. Egia esanda, Alberdirenak behar zuen baloiak, baina ez zen atetik irtetera ausartu. Kulturala ezinean zebilen, baina eurena izan zen partidu osoko aukerarik onena; 21. minutuan epaileak penalti eztabaidagarri bat adierazi zuen Kulturalaren alde (Olaetxeari area barruan heldu egin ziotelakoan) eta Beñat Alberdik huts egin zuen. Azpi-azpitik jo zuen baloia bere eskuinera eta zutoinean jo ostean baloia atetik aldendu zen. Astebete lehenago, Alberdik Kulturalari garaipena eman zion penaltia sartu zuen Gernikan.

 

Bigarren zatian ez zen partiduaren nondik norakoa aldatu. Beharbada, kezkagarriena da Imanol de la Sotak bigarren zatian zehar egindako hiru aldaketek ez zutela hobekuntzarik ekarri taldearen jokoan: Aitor Bilbao Pinillaren ordez sartu zen, Arizmendiarrieta Aperribairen ordez eta Mallagarai Olaetxearen ordez. Bere mugekin Sodupek zuzenago jokatzen jarraitu zuen eta horrela heldu zen 61. minutuan garaipena emango zien gola: falta bat erdiratu eta bakar-bakarrik zegoen jokalariak baloia sareetara bidali zuen. Aukera gehiago ere izan zituzten: korner batean Sodupeko jokalari bati ahoko zuloan geratu zitzaion baloia eta Alberdik geldiketa harrigarria egin zuen, erreflexu handiko atezaina dela erakutsiz.

 

Datorren asteburuan berriro etxean jokatuko du Durangoko Kulturalak Lagun Onak taldearen aurka.

 

Partidua hasi aurretik minutu bateko isilunean gorde zuten orain egun gutxi hil den Julian Sarrionandiaren oroimenez. Sarrionandia Durangoko Kulturaleko jokalaria, presidentea eta direktiboa izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!