Aurpegi berriak eta gaztetasuna nagusi Durangoko Kulturalean

Anboto 2013ko abu. 31a, 08:50
Gaur, 18:00etan, zaleen aurrean denboraldiko lehen partidu ofiziala jokatuko du Durangoko Kulturalak

Gaur, 18:00etan, zaleen aurrean denboraldiko lehen partidu ofiziala jokatuko du Durangoko Kulturalak.

 

Gernika 0-1 menderatuta, Durangoko Kulturalak garaipenagaz ekin zion Hirugarren Mailako denboraldiari joan zen asteburuan. Iazko taldeagaz alderatuta hasierako hamaikakoan bederatzi aurpegi berri zituen taldeari konfiantza hartzeko ere balio izango dio hain zelai zailean lortutako garaipenak.


Harrobiaren eta gaztetasunaren aldeko apustua egin du aurten Kulturalak. Gernikan zelairatu ziren hamaika jokalarietatik seik 20 urte edo gutxiago dituzte. Ibon Arizmendiarrietak (berari egin zioten Beñat Alberdik gauzatu zuen penaltia), Jon Galarzak (iaztik jarraitzen duenetako bat) eta Asier Nuñezek (Portugaletetik ekarri dute), esaterako, 19 urte dituzte.


Talde nagusia harrobiko jokalariz hornitu dutenez, Kulturaleko gazte mailako taldeak ondo ezagutzen dituen entrenatzailea fitxatu du zuzendaritzak: Imanol de la Sota. Iaz Iurretakoko bigarren entrenatzailea izan zen, baina aurretik Kulturaleko behe mailetan sei urtez egona da. Hain zuzen, Ohorezko Mailara igondako gazte mailako taldea berak zuzendu zuen. Orduan bere aginduetara izan zituen sei jokalari lehen taldean dabiltza gaur egun. Beraz, ezagutzen du esku artean darabilen taldea. Berarentzako ere estreinako denboraldia izango da Hirugarren Mailan. Gainera, kirol zuzendari berria ere badauka Kulturalak: Rikardo Txintxurretaren tokian Patxi Bolaños ipini dute. Javier Uria Athleticeko presidente zen sasoian Lezaman lan egindakoa da Bolaños. Jokalari lez,
Athleticegaz liga bi irabazi zituen 1982/83 eta 1983/84 denboraldietan.


Zapatuan, 18:00etan, igo berria den Soduperen aurka jokatuko dute ligako lehen partidua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!