"EAJk informazioa ezkutatu" arren, berba egiteko prest dago EH Bildu

Anboto 2013ko api. 10a, 19:19

Bildu eta Aralarrek esan dute EAJk ez diela aurrekontuko soberakinaren gaineko daturik eman; jeltzaleekin batzarra egiteko eskaera erregistratu dute

Bildu eta Aralarrek esan dute EAJk ez diela aurrekontuko soberakinaren gaineko daturik eman; jeltzaleekin batzarra egiteko eskaera erregistratu dute.

 

EAJk erantzukizuna eskatu zien publikoki gainerako alderdiei martxoaren 1ean, 2013rako aurrekontu zirriborroa aurkezterakoan. “Erantzukizuna eskatu bai, baina deitu ere ez digute egin”, esan du Dani Maeztuk (Aralar) EH Bilduko  zinegotziek emandako prentsaurrekoan. Gobernu taldeak, inbertsiorik ezin egin eta aurreko urteetako soberakina erabiltzea proposatu zuen proiektuak garatzeko; tartean, San Faustoko zentro zibikoa eta Urki-Hegoalde saihesbidea. Bada, EH Bilduko zinegotziek adierazi dute eurei ez dietela soberakinaren inguruko daturik eman. Eider Uribek (Bildu) irakurri du oharra euskaraz: “Ezin daiteke onartu EAJk informazioa ezkutatzea”. Euren arabera, soberakineko zazpi milioi euroez gainera, beste bost milioi ere eskuratuko ditu udalak lurzoru publikoaren salmentatik. “EAJk informazio hori ezkutatu gura badu, guri iruzur egiten saiatzen dabilelako da. Ez guri bakarrik, baita herritar guztiei ere”.

 

Kritika hori egin ostean, azaldu dute prest daudela EAJgaz berba egiteko. Jeltzaleekin batzarra egiteko eskaera erregistratu dute udaletxean.  Baina, “hausnarketa sakona” egitea exijitu dute. Izan ere, euren iritziz, “EAJren proposamena kontuak kuadratzeko eragiketa aritmetiko hutsa da”. Esan dute Durangoko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berraztertu behar dela, eta hori herritarren partaidetza sustatuko duen dinamika bategaz egitea eskatu dute.



Negoziaziorako gaiak
Bestelakoak ere badauzkate negoziaziorako. Soberakina, ekipamenduak herritarren beharrizanen arabera egiteko erabili gura dute. Gainera, Landakoko igerilekuetan egondako gainkostuagatik erantzukizunak exijitzea eskatu dute. Lurzoru ondarea etxebizitza politiketara osorik bideratzea, zergetan irizpide sozialak aplikatzea, zabor organikoa batzeko sistema adostea, energia berriztagarria ekoiztea eta pribatizatutako udal zerbitzuak publikotasunera lehengoratzea ere proposatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!