Aurrekontuen zirriborroa aurkeztu eta erantzukizuna eskatu du EAJk

Anboto 2013ko mar. 1a, 10:37
2013rako aurrekontuak onartzeko prozesua hasi du udalak. Gobernu taldeak gainerako taldeei aurkeztu die zirriborroa eta, emendakinak egin ostean, baliteke martxoko hileroko ohiko udalbatzarrean eztabaidatzea. Iaz ez ziren onartu, eta 2011ko aurrekontuaren luzapenagaz jardun zuen udalak

2013rako aurrekontuak onartzeko prozesua hasi du udalak. Gobernu taldeak gainerako taldeei aurkeztu die zirriborroa eta, emendakinak egin ostean, baliteke martxoko ohiko udalbatzarrean eztabaidatzea. Iaz ez ziren onartu, eta 2011ko aurrekontuaren luzapenagaz jardun zuen udalak.

 

Aitziber Irigoras alkateak aurrekontu zirriborroaren berri eman du prentsaren aurrean, Mari Jose Balier alkateordeak lagunduta. Esan du bizi dugun egoerak arduraz jokatzea eskatzen duela, eta gainerako alderdiei erantzukizuna eskatu die aurrekontuak lantzeko prozesu honetarako. Inbertsio bako aurrekontua proposatu du EAJk. Irigorasek azaldu duenez, defizita ez egoteko, udalek aurrekontua osatzeko sabaiak dauzkate ezarrita, eta Durangok 26,1 milioi eurotan dauka. Gastu orokorragaz kopuru horretara ailegatuz gero, ezinezkoa ei da inbertsiorik egitea. Kopuru horretara heldu dira eta, horregatik, aurreko urteetako soberakinetik hartuko dute aurtengo inbertsioak egiteko. San Faustoko zentro zibikoa eraikitzen hastea eta Urki-Hegoalde sahiesbideko bigarren fasea aipatu ditu Irigorasek garrantzitsuenak legez.

 

26,1 milioi euroak honela daude banatuta: 9,1 milioi pertsonalerako, 8,8 milioi ohiko gasturako eta 8 milioi transferentzietarako. Azken atal honetan, erakunde autonomoei eta Amankomunazgoari egin beharreko ekarpenak eta elkarteei bideratutako hitzarmen edo laguntzak sartzen dira, besteak beste. Irigorasek adierazi du elkarteak ez kaltetzen saiatu direla: "Hitzarmenak lehenetsi ditugu udaleko ekintza propioen aurretik". Hitzarmen eta laguntzen poltsa horretan 1,2 milioi euro gorde dituzte.

 

Irigorasen berbetan, sarrerak asko jaitsi dira aurten. Hori gertatu da Aldundiaren udalkutxagaz –Iaz 15,6 milioi euro eta aurten 14,8ko aurreikuspena– eta baita sarrera propioekin ere. "Durango ez da irla bat", esan du alkateak. Jaitsiera handiena ekintza ekonomikoen zergan espero dute: %30ekoa. Horrez gainera, BEZaren eta KPIaren igoerek gastua ere handitu dute. Datu horiek ikusita, Irigorasek esan du ahal zen guztia zegoen moduan mantentzen ahalegindu direla.

 

Zirriborroa otsailaren 20an aurkeztu zien EAJk gainerako taldeei. Gainera, batzorde bakoitzera ere eroango dute aurrekontuaren atal bakoitza. Martxoaren 6an amaituko da emendakinak egiteko epea, eta kontu batzordean handik astebetera lantzea gura dute. Hile honetako ohiko udalbatzarrean eztabaidatu ahal dira aurrekontuak, baina Irigorasek esan du malgutasunez hartuko dutela gaia, eztabaida eta akordioa posible izateko. Iaz ez zen onartu zirriborroa, eta 2011koagaz jardun zuen udalak gobernatzen. Irigorasek azpimarratu du urtea oso ondo joan dela, aukeran zutena baino gutxiago gastatu dutelako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!