Alderdien iritziak, aurrekontu zirriborroaren inguruan

Anboto 2013ko mar. 8a, 14:30

2013ko aurrekontuak diseinatzeko prozesua hasi dute udalean. Joan zen barikuan zirriborroa aurkeztu zuen gobernu taldeak (EAJ), eta asteon gainerako talde politikoek helarazi dituzte euren iritziak

2013ko aurrekontuak diseinatzeko prozesua hasi dute udalean. Joan zen barikuan zirriborroa aurkeztu zuen gobernu taldeak (EAJ), eta asteon gainerako talde politikoek helarazi dituzte euren iritziak. Baliteke martxoko ohiko bilkuran eztabaidatzea zirriborroa eta horri eginadko zuzenketak.

 

 

 

\"\"

EIDER URIBE. BILDU

Egun jasaten ari garen egoera sozioekonomikoan, udalean ez daukagu herritarrak pairatzen ari diren arazoen eta horren ondorien informazio zehatzik. Testuinguru horretan, aurrekontuen proposamena erabat “kontinuista” da, helburu zehatzik gabeko aurrekontuak aurkezten dizkigute. Orain arte inbertsioak egiteko funtsezkoa zen sarrera eta gastuen aldea desagertu egin da azken bi urteetan. Udala proiektuak egiteko ahalmenik gabe geratu den arte. Gobernu taldeari exijitzen diogu aurrekontu hauek erretiratzeko, eta egoera honek herritarrei eragiten dizkien arazoak konpontzeko hartuko dituen erabakiak azaltzeko.

 


 

\"\"

IDOIA AGORRIA. PSE-EE

EAJk murrizketak proposatzen ditu ia arlo guztietan doikuntzak direla argudiatuz. Ulertzen ez ditugun salbuespenak daude: goi karguen arloan, 35.000 euro alkatetzako publizitate eta propagandara bideratzen jarraitzen dute. Ez dugu ulertzen lan arloa bultzatzera euro bakar bat ere ez zuzentzea, edo larrialdi egoeran dauden pertsonentzako atala ez handitzea. Aurrekontuen zirriborroak ez du inbertsiorik aurreikusten, baina aurretik sozialistek egindako lanari esker, Durangok alokairu sozialeko eta babeseko etxebizitzak ditu, San Fauston zentro zibikoa hasiko dute eta gobernu taldeak oztopoak jartzeari uzten badio, Urki hegoaldeko eraztuna izango dugu.

 

 

 

\"\"

JUAN JOSE GASTAÑAZATORRE. PP

Durangoko Alderdi Popularrak 400.000 euroko kostua duten hamar emendakin aurkeztu dizkio 2013ko aurrekontu proposamenari. Lanera eta krisiaren ondorioak gehien pairatu dituzten langabetu  eta etxe gabetuei bideratuta daude horiek.
EAJk emendakinetako batzuk behintzat kontuan hartzea espero dugu, susperraldi ekonomikora eta krisiari aurre egitera bideratutako diru-atalak indartuta. Besteak beste, Alderdi Popularrak etxe gabetuentzako 80.000 euro bideratzea proposatzen du. 50.000 euro laguntza zuzenetarako izango lirateke, esaterako, langabezian dauden pertsonek zergak ordaindu ahal izateko.

 

 

 

\"\"

DANI MAEZTU. ARALAR

Aurrekontuak beste adibide argigarri bat dira Durangoko EAJren proiektu falta ikusteko. Aurrekontua begiratuta, inork ez luke esango larrialdi sozialeko egoera batean gaudenik. Teknikoek egiten duten zifren koadratze hutsa baita udal aurrekontua, irizpide politikorik gabea.
Barregarria iruditu zaigu ikustea, 2005ean eta 2007an onartutako bi proiektu, inbertsio nagusi bezala aurkeztea EAJren udal gobernuaren aldetik. 7,5 milioi euroko zorra daukan udala da Durango, eta proiektu estrategikorik gabea, soilik irudikerian eta propagandan pentsatzen duen gobernua daukana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!