"Ijitoen komunitatea artisaua da"

Anboto 2012ko aza. 27a, 14:19
Euskal Dendak ijitoek artisautzagaz izandako lotura ezagutaraziko du. Ijitoen Kale Dor Kayiko elkarteko Manuel Vizarragak Euskal Denda aurkezteko prentsaurrekoan izan da gaur.

Euskal Liburu eta Disko Azoka ijitoen kultura ezagutarazten saiatuko da eta Euskal Dendak ere bere alea jarriko du bide horretan. Merkatu plazako atarian Jose Berrio artisauak romanierazko Mitsho avile (‘ongi etorri’, euskaraz) mezuagaz egingo die ondoetorria bisitariei. Jatorri ijitoa duen artisau arabar hau Arbasoko bazkidea da eta saskigintza lantzen du. Berriok bere saskirik esanguratsuenak erakutsi eta saski berriak sortuko ditu Euskal Dendak dirauen lau egunetan.


Halaber, Kale Dor Kayiko kolektiboko emakumeek eskuz egindako hainbat lan erakutsiko dituzte: amantalak, zapiak, makilak…


Euskal Denda aurkezteko gaur Kurutziaga hotelean egindako prentsaurrekoan Kale Dor Kayiko elkarteko Manuel Vizarragak ijitoen komunitateak artisautzagaz izan duen lotura antzinako dela adierazi du: “Sarritan, gaztetxoa nintzenean, erreka ondoan geundenetan, nire aitak egur zuntzak hartu eta saskiak egiten zituen ondoren saltzeko. Herririk herri, denetariko gauzakiak ere konpontzen genituen. Horrela izan da ehundaka urteetan. Hori artisautza da. Ijitoen komunitatea artisaua da, eskuekin egindako lanagaz bizi izan gara. Beraz, gaur hemen neure saltsan aurkitzen naizela esan dezaket”. Euskal Denda esperientziak trukatzeko toki aproposa dela dio: “Ez gaude elkarrengandik hain urrun. Guneak konpartituz hartuemanak sendotzeko aukera ona izango da”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!