Artisautza denen eskura ipiniko du Euskal Dendak

Anboto 2012ko aza. 27a, 13:54
Artisautzaren erakuslehio den Euskal Dendak 17. aldia egingo du abenduaren 5etik 9ra. Aurtengo karteleko irudiak \'Artisautza eskura\' mezua zabaldu gura du. Bestalde, aurten stand berri asko ekarriko dituzte, gehienak belaunaldi berriko gazteenak.

Artisautzaren erakuslehio den Euskal Dendak 17. aldia egingo du abenduaren 5etik 9ra. Aurtengo karteleko irudiak ‘Artisautza eskura’ mezua zabaldu gura du. Bestalde, aurten stand berri asko ekarriko dituzte, gehienak belaunaldi berriko gazteenak. Aurten kultura gonbidatua ijitoen komunitatea da.


Arbaso elkartea orain 17 urte Euskal Denda antolatzen hasi zenetik nobedade gehien eskaintzen dituen aldia izango da aurtengoa. Guztira 56 artisau postu atonduko dituzte Merkatu Plazako luze-zabalean eta horietatik 20 berriak izango dira, aurretik etorri barik zeudenak. Esaterako, Bizkaiko zazpi postu berri ipiniko dituzte, Nafarroako bost eta Gipuzkoako lau. Horrez gainera, artisau gazteek protagonismo berezia izan dezaten saiatu dira. Esaterako, Bermeotik Idoia Gabantxo etorri da Gabrek izeneko postuagaz. Material birziklatuak erabiliz osagarriak egiten ditu eta Lur Barri saria irabazitakoa da. Beste adibide bat Amorebieta-Etxanotik datorren Iñaki Unanue da.


Aurtengo kartela

\"\"Euskal Denda iragartzeko aurtengo kartelak ‘Artisautza eskura’ du leloa. Bata bestearen gainean ipinitako eskuek “solidaritatea, batasuna, konpromisoa eta hurbiltasuna” islatzen dute Bernat Vidal Arbaso elkarteko presidentearen esanetan. Era berean, kartelean eskuak agertzeak badu beste arrazoi bat: “Eskuak artisauen erramintak dira, eskuekin sortzen dituzte euren produktuak”.

Bisitarientzat hamaika gune

Euskal Denda artisauen eta bisitarien arteko interakzioa sustatzen saiatzen da urtero. Hartara, Euskal Dendako sarreran paperagaz egindako artisau lanen gaineko erakusketa ipiniko dute. Erakusketa horretako gune batean marmol itxurako paper-lanak egiten dituen Montse Busó y Marsá kataluniarra lanean ikusi ahalko da.

Urtero legez, bistariak Euskal Dendako posturik onena bozkatu eta ‘artisau despistatua’ izeneko lehiaketan parte hartu ahalko du. Umeentzat ere badaude ekintzak eta gozokien edo zapi margotuen tailerretan parte hartu ahalko dute.

 

Artetsu Sariak


Urtero legez, abenduaren 5ean, 19:30ean, San Agustin Kulturgunean egingo den galan Artetsu Sariak banatuko dituzte. Bizitza osoko lana eskertzeko saria Iñaki Alberdi gipuzkoarrak jasoko du. Alberdik makilak egiten ditu. Laster jubilatu egingo da eta jakinarazi dutenez erreleboa prest du:bere semeak jarraituko du makilagintzaren tradizioagaz.


Arbasogaz Urduñako Udala eta Olaran elkartea ere sarituko ditu Urduñan aritsautza azoka egiten dutela hamar urte egin direlako. Hedabideetan El Correo sarituko dute eta artisautza tradizioa sustatzeko egindako lanagatik baita BBK fundazioa ere.


Aurten sari berri bat banatuko dute. Artisautzaren zabalkundea euskaraz egiten duten lagunak ere sarituko dituzte aurrerantzean. Aurten Berbaro Elkarteko Fernan Ruiz sarituko dute Euskal Denda euskara zuzenean hedatu dadin egin duen lanagatik: “Dedikazio handiz lan egin du eta urte askoan gainera”, gogoratu du Vidalek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!