"Inoiz ibili barik geunden bide berriak ireki ditugu"

Anboto 2012ko eka. 30a, 08:30

Sapubike elkarteak Durangoko lehenengo mountain bike martxa antolatu du domekarako. Elkarteko kidea da Iker Sagardui (Durango, 33 urte), eta bidea ezustekoa izango dela iragarri du

Sapubike elkarteak Durangoko lehenengo mountain bike martxa antolatu du domekarako. Elkarteko kidea da Iker Sagardui (Durango, 33 urte), eta bidea ezustekoa izango dela iragarri du.

 

Ibilbidea egituratu eta atontzea lan handia izan da?

Guk urteak daramatzagu Durangaldetik bizikletan irteten eta domekako ibilbidean inoiz ibili barik geunden bide berriak ireki ditugu. Jende asko harrituta geratuko da. Ibilbidea diseinatzeak lan asko eskatu du. Azken hile bietako asteburuak horretan eman ditugu. Hain espazio mugatuan 35 kilometroko martxa antolatzea ez da erraza. Atontze lanek ere denbora eskatu dute. Aste bitan, hainbat lagun ibili dira sasi-garbitzeko makinagaz bideak garbitzen.

 

Nondik ibiliko zarete?

Durangoko herrigunetik eta Azken jatetxearen albotik Mugarrako merenderora igoko gara pistatik. Handik Izurtzako neberara joango gara. Santa Agedara jaitsi ostean, berriro neberara bueltatuko gara aldapa oso gogor batetik. Aldapa hori parte-hartzaileak probatzeko sartu dugu.

 

Martxa ez lehiakorra da, baina izerdia botatzeko modukoa.

Erritmo onean irtenez gero gogorra egin daitekeen martxan da. Ibilbide bi daude aukeran eta bietan dago aldapa gogor hori. martxa ez lehikaorra denez, bakoitzak erabakiko du zein den komeni zaion erritmoa. Ibilbideko zatiren bat bizikletatik jaitsita egin behar bada ez da ezer gertatzen.

 

Zelan sortu zen Sapubike martxa antolatzeko ideia?

Inguruko herri gehienek euren mendi bizikletako martxa dute eta Durangok ez. Taldeko kideekin egindako irteera batean sortu zen ideia eta antolatzera animatu ginen.

 

Noiz sortu zenuten Sapubike taldea?

Ofizialki aurten, baina 2009an hasi ginen ibilbideak egiten. Gaur egun 32 bazkide gara eta apurka hasten gabiltza.

 

Oraingoz zenbat lagunek eman dute izena martxarako?

Gutxi gorabehera 130 lagunek. Webgunearen bidez lagun gehiagok izena ematea espero genuen, baina domekan beste martxa batzuk ere badaude, Debakoak eta Eakoak, esaterako. Dena dela, egunean bertan ere apuntatu daiteke.

 

Lasterketaren ostean parte-hartzaileen iritziak ere batu ahalko dituzue.

Hori da asmoa. Martxa amaieran parte-hartzaileei inkestak banatuko dizkiegu martxa zer iruditu zaien jakiteko.

 

Tabirako jaien egitarauan sartu duzue martxa.

Sasoi aproposa da. Sanfaustoetan ekitaldi asko daude eta eguraldiak ere ez du beti laguntzen. Urte sasoi honetan eguraldi hobea egiten du normalean.

 

Baduzue beste ekitaldi berririk sortzeko asmorik?

Idea asko ditugu. San Faustoetan zeozer egin gura genuke. Ea horretarako Udalaren laguntza lortzen dugun. Gaueko martxak egitea eta Gabonetan zerbait antolatzea ere aipatu izan dugu. GR Mikeldi ibilbidea berreskuratzeko asmoa ere hor dago. Ideia asko ditugu, baina pausuz pausu joan gura dugu. Lehenengo ikusi dezagun domekako  lehenengo martxa zelan irteten den.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!