GR Mikeldi ibilbidearen diagnostikoa egingo du Sapubike klubak

Anboto 2012ko aza. 27a, 12:23

2013an zehar, GR Mikeldi ibilbideak zer konponketa behar dituen jasotzen duen txostena osatuko dute. Ondoren, errekuperaziorako erakundeen inplikazioa bilatu guran, txostena ibilbideak zeharkatzen dituen udalei eta Aldundiari aurkeztuko diete.

2013an zehar, GR Mikeldi ibilbideak zer konponketa behar dituen jasotzen duen txostena osatuko dute. Ondoren, errekuperaziorako erakundeen inplikazioa bilatu guran, txostena ibilbideak zeharkatzen dituen udalei eta Aldundiari aurkeztuko diete.


Durangaldearen eraztuna da GR Mikeldi mendi ibilbidea.  Izurtza, Mañaria, Abadiño, Atxondo, Elorrio, Berriz, Zaldibar, Garai, Iurreta, Zornotza eta Durangoko lurretatik bueltan-bueltan eskualde ia osoa hartzen du bere barruan, sasoi batean harresiek hiribildua inguratzen zuten modu berean. 86 kilometroko ibilbide baliotsua, ordea, egoera txarrean dago: sasiek bidea izten dute toki baten baino gehiagotan, hesiek bidea oztopatzen dute, eroritako zuhaitzak aurkitu daitezke, bide zati batzuk hondatuta daude, seinaleztapen eskasa dago… Ondo dakite hori Durangoko Sapubike txirrindularitza klubeko kideek eta GR Mikeldi ibilbidea ondare garrantzitsua dela uste dutenez, errekuperazioaren bidean lehenengo pausua emateko prest daude. Horrela, 2013rako helburu bi dituzte: ibilbide osoko egoeraren diagnostikoa egitea lehenengo, eta errekuperaziorako erakundeen inplikazio bilatzea ondoren.


Musu truk eta kontraprestaziorik gabe burutuko duten lana da. Gaur egun kluba osatzen duten kideak lau taldetan banatuko dituzte eta talde bakoitzak ibilbideko tarte bat aztertzeko ardura izango du. Ibilbidea non eta nola hobetu daitekeen jasoko dute txostenean, beti ere argazkiekin lagunduta. Ondoren, txostena ibilbideak zeharkatzen dituen udalei eta Bizkaiko Foru Aldundiari erakutsiko diete. Durangoko udalagaz batu direla eta “oso interesatuta” agertu direla adierazi du Iker Sagardui klubeko kideak. Helburua ahalik erakunde gehienen inplikazioa bilatzea da,  errekuperazioa aurrera eramateko erantzukizuna euren gain hartu dezaten.


Horrela, 2014rako GR Mikeldia errekuperatuta egotea da mountain bike klubekoen desioa. Horrela balitz, 2014an ibilbide osoa hartuko lukeen martxan bat antolatzea nahi dute.


Sei irteera 2013an


Sapubike txirrindularitza kluba (Durango MTB taldea legez ezagunagoa da) hainbat irteera prestatzen ari da datorren urterako. Domekero, 09:00etan Tabiran jartzen dute hitzordua Durangaldetik ibiltzeko, baina datorren urtean kanpora ere irten gura dute. Bide horretatik Araba, Gipuzkoa, Urdaibai ingurua, Errioxa eta Zamora alderako irteerak prestatzen ari dira: “Mountain bikegaz gozatuz inguru berriak ezagutzea da helbura”, azaldu du Sagarduik.


Horrez gainera, abenduaren 21ean eta uztailaren 21ean (urteko gaurik luzeenean eta laburrenean) eta beste data batzuetan gaueko irteerak antolatu gura dituzte. Aurtengo uztailean lehenengo Sapubike Martxa ere antolatu zuten Tabiratik.


Gaur egun 36 lagunek osatzen dute kluba. Durangoz gainera, Durangaldeko hainbat herritako kideak daude: Abadiño, Elorrio, Zaldibar, Berriz… Gura duena www.durangomtb.com webgunean apuntatu daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!