Uztailaren 1eko martxagaz Durangok alor horretan duen hutsunea bete gura dute.
Sapubike txirrindularitza klubak izen bereko mountain bike martxa antolatu du lehenengoz uztailaren 1erako. “Eskualdeko herri gehienek mota horretako martxak edo lasterketak dituzte eta Durangon alor horretan dagoen hutsunea bete gura dugu ekitaldi honekin”, azaldu du Iker Sagardui klubeko kideak.
Izen-ematea hasita dagowww.sapubike.com webgunean (10 euro). Durangoko Tabira auzoko San Pedro jaien barruan antolatu dute ekimena. Martxa ez da lehiakorra izango eta bizikletaz gozatzeko aukera eskaintzea izango du helburu bakarra.
Ibilbide bi prestatu dituzte: 35 kilometrokoa eta 25 kilometrokoa. Durango, Izurtza eta Iurretatik ibiliko dira, besteak beste. Tabiran hasiko dute martxa 09:00etan eta bertan egongo da helmuga ere. Martxan parte hartzeko baldintza bakarra 14 urtetik gora izatea da.
Parte hartzaile guztiei martxako kamiseta erregalatuko diete eta baita beste hainbat gauzagaz betetako poltsatxoa ere: bizikletentzako ur-botila, dortsala, Durangoko Turismo Saileko eskuorriak…