Durango Ilarduyak Ohorezko B mailari eutsi dio

Anboto 2012ko mai. 7a, 11:49

Denboraldi eskasari amaiera ona eman dio Durangoko taldeak. Espero zen moduan maila bat beharagoko Belenos menderatu du eta Ohorezko B mailan jarraituko du bederatzigarren urtez jarraian.

Denboraldi eskasari amaiera ona eman dio Durangoko taldeak. Espero zen moduan maila bat beharagoko Belenos menderatu du eta Ohorezko B mailan jarraituko du bederatzigarren urtez jarraian.


Azkenengo kanporaketan segurtatu du Durango Ilarduyak Ohorezko B mailan beste urtebetez jarraitzea. Denboraldi osoko sufrimenduak amaiera pozgarria izan du. Denek espero zuten DRT Asturiasko Belenos taldeari gailentzea, baina usteak zelaian islatu behar izaten dira eta Zorion Zabalaren eta Maxi Mendezen gizonak goitik behera nagusitu dira bai Asturiasen (10-48) eta bai asteburu honetan Arripausuetan (49-12). Durangon jokatu zuten itzuliko neurketan argi geratu zen gaur egun Durango Ilarduya Belenos baino askoz gehiago dela; 20. minutua betetzerako 25 puntuko aldea zuten markagailuan. Bigarren zatia gazteei minutuak emateko aprobetxatu zuten.


Horrela, Durango Ilarduyak bederatzigarren urtez jarraian jokatu du Espainiako bigarren mailarik altuenean (Ohorezko Mailaren atzetik).


Aurtengo denboraldian majo sufritu du talde durangarrak. Liga erregularra jaitsiera fasean amaitu zuen eta maila berean, baina B multzoan ari den Arkitektura (Madril) taldearen kontra jokatu behar izan zuen lehenengo kanporaketa. Madrildarrak indartsuago agertu ziren kanporaketa horretan eta neurketa bietan nagusitu ziren. Ondorioz, Durango Ilarduyak azken unera arte itxaron behar izan du maila segurtatzeko.

 

\"\"

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!