Durango Ilarduyak jaitsiera promozioa jokatuko du

Anboto 2012ko ots. 1a, 08:43

Jaitsiera promozioa ekiditeko lehenengo baldintza geratzen ziren partida biak irabaztea zen, eta horreretan huts egin dute Durangoko taldeko errugbilariek

Lehenengo baldintza geratzen ziren partida biak irabaztea zen, eta horreretan huts egin dute Durangoko taldeko errugbilariek.

 

Ohorezko B mailan jaitsiera promozioa ekiditeko eginda zituzten kabala eta kalkulu guztiak ezerezean geratu ziren, joan zen asteburuan Hospitaleten kontra etxean galdu ondoren: “Lehenengo baldintza geratzen ziren partida biak irabaztea zen, eta horretan huts egin dugu” aitortu du Zorion Zabala entrenatzaileak.

 

\"\"Hala ere, hemendik asteburu bira Hercesaren kontra jokatuko duten azken partidan badute zerbait jokoan: azkenak beharrean azkenaurreko geratzea, horrela beste multzoko azkenekoaren kontra jokatzeko; liga osoan puntu bi bakarrik batu dituen Sevillako Helvetia ahularen aurka; gainera itzuliko partidua Arripausuetan jokatzeko eskubidea ere lortuko lukete. Horretarako, bost puntuko aldea jan behar diete Hercesari partida erabakior horretan; garaipenaz batera, bonus puntua behar dute.

 

Ondoren, Helvetiaren edo Madrilgo Arkitekturaren kontrako promozioko kanporaketa hori galduz gero, goren mailara jaitsiko lirateke. Irabaziz gero, oraindik beste neurketa bat jokatu beharko lukete goren mailako talde baten kontra.

 

Promozio eskuragarria

Espainiako Errugbi Federazioak datorren urterako egingo dituen moldaketak ederto etorriko zaizkio Durangoko taldeari. Hurrengo denboraldian talde bi gehiago egongo dira ohorezko mailan zein ohorezko B mailan. Ondorioz, seguruenik, goren mailako lau multzoetako lehenengo sailkatuek euren arteko kanporaketen bidez erabakiko dute zer bi talde igoko diren ohorezko B mailara. Ondoren, neurketa horietan kanpoan geratu diren taldeen artetik irtengo litzateke ohorezko B mailako taldearen kontra jokatuko lukeen arerioa. Beraz, goren mailako talderik indartsuenak ekidin egingo lituzke ohorezko B mailan promozioa jokatzen ari denak.

 

Gauzak horrela, Zabala orain gehien kezkatzen duena taldearen beraren martxa kaskarra da. Hala ere, joan zen asteko partida eskasetik datu positibo bi atera ditu: ostikoetan lortutako hobekuntza eta Gaizka Iturriagaetxebarria gaztearen ekarpena: “Momentu askotan bera izan zen aurpegia eman zuen bakarretakoa”. 

 

 

KOLABORAZIOA

 

\"\"

 

 

- Gotzon Gomez

- Durango Rugby Taldeko kidea eta entrenatzailea

 

 

 

 

 

 

 

AZKEN UNERA ARTE SUFRITU BEHAR

 

Liga amaitzeko partida bat besterik geratzen ez zaigunean, azken postuan gaude eta amaierako partida honetan azken aurrekoa izango dugu aurkaria. Beraz, jaitsierako play-offa jokatu beharko dugula ia ziurra daukagu. Erabakitzeko dagoena nor izango dugun aurkaria: Madrileko Arquitectura edo Sevillako Helvetia.


Non egon da egoera honetara heltzeko gakoa? Nire iritziz ez dago erantzun bakarra. Hainbat izan dira tartean dauzkagun faktoreak baina nik bi nabarmenduko nituzke.


Alde batetik denboraldi osoan zehar izandako lesioak aipatuko nituzke. Bigarren itzulian batez ere, ezinezkoa izan zaigu hamabostekoa errepikatzea, eta jokalari guztiak jokatzeko moduan izatea, eta hori partidu batean nabaritzen bada, are gehiago buelta oso batean; batez ere lesionaturik dauden jokalariak taldearen ardatza direnean eta eskarmentua ematen diotenean taldeari.


Bestetik azpimarratuko nuke taldeak orokorrean duen antsietatea. Partida askotan irabazteko aukerak sortu ditugu, baina aukera horiek gauzatzeko momentuan, lehen aipatutako antsietate horrek, irabazteko behar horrek, erabaki txarrak edo behintzat zuzenak ez direnak hartzera eraman gaitu.


Harmailetan eta aldageletan epaileen kontua ere entzun dut nik, batez ere azken partiduetan, baina nik epaileen lanari ez nioke duen baino garrantzi handiagoa emango, azken batean beraien lana ona izatea ez dago gure esku eta ziurrenik lehen aipatutako hutsegiteak gauzatu izan bagenitu, beste kontu batzuetaz arituko ginateke oraingo honetan.


Lesionaturik dauzkagun jokalariak berriz ere martxan jartzea, forman ipintzea eta berriro ere jokatzen moduan izatea ezinbestekoa dugu hurrengo finaletarako. Entrenatzaile garen heinean gure erronken artean daude aipatutako antsietatea lantzea eta ahal dugun neurrian leuntzea.


Bi arlo horiek aurrera ateratzeko moduan bagina, datorren denboraldian ere onenen artean egongo ginateke, hori dudarik gabe! Beraz errugbiarekin gozatu nahi baduzue hurrengo asteetan aukera izango duzue Arripausueta zelaian DRTaren mutilekin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!