Gobernu taldeak dio "arduratsu" burutu zutela 2009ko kudeaketa ekonomikoa

Anboto 2012ko urt. 21a, 15:25

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2009ko aurrekontuen auditoria jakinarazi du. Gobernu Taldeak \"pozarren\" hartu txostena, Udalaren jokabidea \"zuzena dela erakusten duelako\". Aralarrek ez du berdin baloratu txostena.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2009ko aurrekontuen auditoria jakinarazi du. Gobernu Taldeak “pozarren” hartu txostena, Udalaren jokabidea “zuzena dela erakusten duelako”. Aralarrek ez du berdin baloratu txostena.


Gobernu Taldearen arabera, “txostenak dioenez ez da apartateko irregulartasunik egon eta bete egin dugu bere egoera ekonomiko-finantzarioa arautzen duen arautegia”.   Hala ere epaitegiak aipatu dizkien zenbait prozesu hobetze aldera, ezagutzera eman du gai batzuetan  “zergatik jokatu zuten jokatu zuen moduan”. Bide horretatik, liburutegiko eta igerilekuko adibideak argitu dituzte, bestek beste. Bateko zein besteko zerbitzuak hobetzeko baliatu zuten tresna “bakarra” aurrekontuen luzapena izan dela diote prentsa ohar batean.


Epaitegiak igerileku berrien aurrekontuan “igoerak antzeman” dituela onartu dute, baina igoera horiek “osoko bilkurak onartu zituelako egin ziren”, argitu du Aitziber Irigoras alkateak: “Igerilekuak dira zalantza barik durangarron artean onarpen handiena daukaten zerbitzuak eta proiektua handitzeko eta hobetzeko gimnasio eder bat egin zen”.


Udal liburutegirako diru-ekarpena ere “osoko bilkuran onartu zen eta honi esker eraikina egokitu egin da, irisgarritasun zerbitzuetara zein ondare historikoa zaintzeko jarraibideetara, esaterako, hasiera batean aurreikusita ez bazegoen ere”.


Era berean, elkarteei emandako diru-laguntzak direla eta, 500.000 euroko laguntzak aurrekontuen luzapena medio mantendu zirela diote: “Asmoa zen arazo ekonomikorik ez eragitea Durangoko elkarteei, bestela, gertatu ere gertatu zitekeelako elkarteren batek ateak ixtea edo desagertzea”.


Horiek horrela, alkatearen esanetan, “bidegabekeria, prebarikazio eta antzeko delituez hitz egiten den garai hauetan, aitortzen dugu hanka-sartze administratiborik gertatu zitekeela, baina sekula ez dugu, informeak frogatzen duen moduan, eskurik sartu diru-kutxan”.


Aralarren balorazioa


Aralarrek Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren bestelako balorazioa egin du. Igerilekuen eta bibliotekaren kontratuetan "esleipenen printzipio legaletatik kanpo geratzen diren aldaketak eman dira", Aralarrek txostena irakurri ondoren azaldu duenez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!