Bildu eta Aralar: "EAJk ez du ezta aurrekontuaren zirriborroa ere aurkeztu"

Anboto 2012ko ots. 23a, 08:12

\'Prebisio eta erantzukizun falta\' leporatu diote gobernu taldeari, eta orokorrean udala kudeatzeko eredua salatu dute prentsaurrean. Durangon, aurrekontu parte-hartzaileak garatzeko pausoak eman behar dira Bildu eta Aralarreko zinegotzien ustez

"Prebisio eta erantzukizun falta" leporatu diote gobernu taldeari, eta orokorrean udala kudeatzeko eredua salatu dute prentsaurrean. Durangon, aurrekontu parte-hartzaileak garatzeko pausoak eman behar dira Bildu eta Aralarreko zinegotzien ustez.

 

Durangoko Udaleko kudeaketari buruz gogoeta plazaratzeko agerraldi bateratua egin dute Bilduk eta Aralarrek. Martxoaren atarian Durangok aurrekonturik ez izatea larritzat jo dute bi alderdiek: "aurrekontuen zirriborroa aurkeztu ere ez dute egin". Iker Urkiza Aralarreko zinegotziak hori "prebisio eta erantzukizun falta" dela salatu du: "Udalaren egoera ekonomikoa ikusita larria da oraindik aurrekontuak ez izatea". Urkizaren arabera, "EAJren kudeaketa txarragatik aurten oso zaila izango da diru-sarrera eta gastu arruntak bat etortzea". Kudeaketa horretan "obra publikoen garestitzea edo ordenantza fiskal batzuk irizpide sozial barik izoztu izana" kritikatu du.

 

Aurrekontu parte-hartzaileak

"Etorkizuneko Durango diseinatzeko momentu klabea" da oraingoa Aralar eta Bilduren ustez. Egoera horretan, premiazko ikusten dute aurrekontuak herritarrekin batera diseinatzea. Eider Uribe Bilduko zinegotziak nabarmendu du prozesu hori zabaltzeko aukera badagoela: "lehen pausoak emanak dira Parte-Hartuz ikerketa taldeak egindako txostenarekin". Txosten hartan, "udalaren eta Durangoko gizartearen arteko distantziaren diagnosia" egin zela adierazi du Uribek, eta diagnostiko hori "hutsune horiei aurre egiteko lehen pausoa" izan daitekeela. Salatu dutenez, "txostena ez da oraindik batzordean landu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!