Aralar: "Udalaren kontratazioen irregulartasunek aurrekontuak kaltetzen dituzte"

Anboto 2012ko urt. 21a, 13:02

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2009ko aurrekontuetako fiskalizazio txostena kaleratu berri du. Txostenaren balorazioa egin eta Aralarrek irregulartasunak \'sistematikoak\' direla salatu du

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak 2009ko aurrekontuetako fiskalizazio txostena kaleratu berri du. Txostenaren balorazioa egin eta Aralarrek irregulartasunak \'sistematikoak\' direla salatu du.

 

Durangoko Udalak 2009an egindako bost kontratu aztertu ditu Herri Kontuen Epaitegiak. Igerilekuen eta bibliotekaren kontratuak daude aztertutakoen artean, eta txostenak dioenez, bi kontratu horietan "esleipenen printzipio legaletatik kanpo geratzen diren aldaketak eman dira". Aralarrek prentsa oharrean azaldu duenez, kontratuetako aldaketa horiengatik igo ziren obra horien kostuak: igerilekuena % 32 eta bibliotekakoa % 37. Salatu dutenez, "modifikazio horiek ez dira balizko prozedura legala jarraituz egin, eta arazo hori Durangon egin diren obra garrantzitsu guztietan gertatu da".

 

Aldaketa horiez gainera, Aralarrek kritikatu du obretako "kontratu baten ere ez" dela egin "legeak eskatzen duen derrigorrezko proiektuen ikuskapena". Gobernu taldeari Kontu Epaitegiak esandakoak aintzat hartzeko eskatu dio Aralarrek: "kontratazioen prozedura gainbegiratu dezala, batez ere obren egikaritze, hartze eta gainbegiratzeari dagokionean".

 

Aipatutako irregulartasunek udal aurrekontuei "milioi askotako kaltea" eragiten dietela salatu du Aralarrek. Alderdi politikoko kideen arabera, txostenak, urte bateko egoera aztertzen duen arren, "agerian uzten du udaletxean ematen diren irregulartasunak sistematikoak direla".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!