Erraldek Bizkaiko Bildotsaren kanpaina aurkeztu du asteon. 2012ko ekainera bitartean 4.500 bildots merkaturatuko dituzte. Aurten laugarren aldia egiten duen kanpainan Durangaldeko hainbat ekoizle eta saltzaile daude.
Erraldek eta ekoizleek hala adostuta aurten ekoizleei ordaindutako prezioak mantendu egingo dituzte. Salmentarik handienak ere orduantxe direnez, kanaleko prezioa Gabon inguruan izango da altuena: 9,68 euro. Ondoren, eskualdeko hainbat harategitan banatuko dituzte: Jose Luis Olabe, Edorta Albizuri, Mikel Berrojalbiz, Teodoro Tostado, Milikua, Rafael Agirre, Gallastegi eta Alberdi harategietan.
Bizkaiko Bildotsak bereizteko moduko hainbat ezaugarri ditu: “Amaren esneagaz bakarrik hazitakoak dira eta ondoren banan-bana sailkatzen dira. Erraldeko hainbat adituk ikuspen bat baino gehiago egiten dute, dena araututakoaren barruan eman dela ziurtatzeko”, azaldu du Eneko Egibar Erralde hiltegiko gerenteak.
Aldundira finantziazio bila
Bestalde, Mikel Ansotegi Erraldeko presidentearen esanetan, azaroaren 30ean Bizkaiko Aldundiko Nekazaritza diputatuagaz batzartuko dira. Berrizen Erralderen eraikin berria egiteko finantziazioan laguntzeko eskatuko diete: “Jakinaraziko dieguna da gurea ez dela negozioa bat, zerbitzu bat baino. Bizkaiko hiltegi bakarra gara”, azaldu Ansotegik.
Horrez gainera, hainbat udaletara ere jo dute helburu beragaz: “Erralde 15 udalek osatzen dugu eta ez da justua Bizkaia osoari ematen diogulako zerbitzua gutxi batzuek; Bizkaian 112 herri daude”. Jaurlaritzak proiektu estrategiko legez hartu du Erraldeko hiltegi berria eta “obren %40 ordainduko du”.
Auzotarren Batzordeagaz akordioarik lotu ez izana pena dela dio eta “ahalik eta trabarik gutxien sortzen” haleginduko direla adierazi du.