Durangoko Udaleko Hirigintza Batzordeak Erralderi 2012ko martxoaren 1era arteko epea eman dio lanak hasteko baina auzo elkarteak aurten bertan hastea gura du. Hirigintza batzorde berrian presazko agerraldia eskatuko du Herriak.
Herria auzo elkartea ez dago ados Durangoko Udalak Erralderi hiltegi berriaren obrentzat ezarri dizkion epeekin. Hirigintza batzordeak hile honetan erabakitakoaren arabera, hiltegi berriko lanak 2012ko martxoa baino lehenago hasi beharko ditu Erraldek, eta 2014ko otsailaren 28a baino lehenago amaituta egon beharko dute. Herriako kideek, ordea, lanok arinago hasi eta amaitzen gura dute: aurtengo urriaren 1a aurretik hasi, eta 2013ko otsailaren 28ra baino lehenago amaitzea; "data horretatik aurrera Erraldek ezingo luke gaur egungo instalazioetan jardun".
Irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko du Erraldek Durangoko Udalean hiltegi berriko finantzazio egitasmoa. Tartean udal hauteskundeak izan direnez, enpresako zuzendaritzan aldaketak egingo dituzte laster, eta besteak beste horregatik luzatu dute proiektu finantzarioa aurkezteko epea. Epe horregaz ados dago Herria, baina hortik obrak egiteko alokairua udalak proposatu baino gutxiago luzatzea gura du.
Auzo elkarteak bere jarrera eta iritzia udalari azaltzeko hirigintza batzorde berrian presazko agerraldia eskatuko du. Epeei buruzko eskariez gain, alokairu kontratuan klausula bat sortzea eskatuko dio Herriak Hirigintza Batzordeari: "2007an Erraldek eta Herriak sinatutako akordioko edozein baldintza betetzen ez badute alokairu kontratua eteteko".