Erraldek bideragarria dela frogatu beharko du kontratua luzatzeko

Anboto 2011ko ira. 8a, 11:56

Alokairuko kontratua luzatzeko, hainbat baldintza jasotzen dituen kontratua jaso du udalarengandik

Alokairuko kontratua luzatzeko, hainbat baldintza jasotzen dituen kontratua jaso du udalarengandik.

 

Durangoko Udalak kontratu berria bidali dio Erralderi, Durangoko azpiegituretan jarraitu gura badu, bete beharko dituen baldintzak zehaztuz.

 

Idatziak jasotzen duenez, kontratua irailaren 30era arte dago indarrean. Eskatutako baldintzen artean dago Erraldek Berrizen egiteko asmoa duen hiltegi berriak finantziazio bideak badituela frogatzea. Erraldek eskatutakoa frogatuko balu, kontratua 2012ko urtarrilaren 31ra arte luzatuko litzateke.

 

Horregaz batera,  kontratuan jasota dauden baldintzetako beste batek dioenez, Erraldek Berrizko hiltegia egiteko lanak hasiko direla frogatzen duen dokumentazioa entregatu beharko du ahalik eta arinen. Hori egingo balu, kontratua automatikoki luzatu egingo litzateke 2014ko urtarrilaren 31ra arte.

 

Erraldeko lehendakari Mikel Ansotegik ez du Erralderen asmoen gainean argibide handirik eman: “Asteon Erraldeko batzordea batu da ,eta han eztabaidatu dugu gaia. Ez da erabaki zehatzik hartu. Ezertan hasi aurretik, Durangoko Udalagaz batzarra eskatuko dugu datozen egunetan”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!