Hiltegi berria egiteko finantziabideak aurkezteko epea 2011 urtea amaitu arte luzatzeko prest zegoen Auzotarren Batzordea, beti ere hori bete ezik 2012ko lehenengo egunean jarduera bertan behar uzteko konpromisoa hartzen bazuen Erraldek
Herria auzo elkarteak jakinarazi duenez, hiltegiko aferari buruz Erraldegaz izandako batzarrek ez dute fruiturik eman. Urriaren 3an Erralde Durangoko Hiltegia S.L.ko zuzendaritza berriko ordezkariak Auzotarren Bazordeagaz (Herriako ordezkariek eta hiltegiak eragindako auzotar batzuek osatua) batzartu ziren. Batzar hartan Erraldeko ordezkariek hiltegi berria eraikitzearen beharra eta garrantzia aipatu zuten eta horretarako finantziazioa lortzeko "ahalegin guztiak" egingo zituztela segurtatu. Ildo horretatik, proiektu berrirako finantziazioa lortzeko epea "2011ko abenduaren 31ra luzatzeko"eskatu zuten. Herriak jakinarazi duenez "ez dute baldintza hori bermatu eta batzarrak hasi aurreko egoera berean gaude".
Auzotarren Batzordeak aukera hori "aztertu zitekeela" erantzun zuen, baina baldintza batekin: "Erralde osatzen duten udalerri guztiak ez ohiko batzar batera deitu eta hango baimena lortu ondoren, Erraldeko zuzendaritza batzordea idatziz konprometitu zedila, hitzartutako epean finantziazioa akreditatu ezean, Erraldek, unilateralki eta modu boluntarioan, 2012ko urtarrilaren 1ean Durangoko jarduera bertan behera utzi eta azpiegiturak hustuko zituela".
Erraldek aukera hori "izan zitekeela" aipatu zuen, baina ezer sinatu aurretik euren teknikoekin kontsultatu gura zuten, horrelako erabaki bat sinatzeak erantzukizun pertsonal edo enpresarialik erakarri zezakeeen jakiteko. Hortxe amaitu zen batzarra Herriak azaldu duenez.
Herenegun (urriak 19) Auzotarren Batzordeak Erralderen mezu elektronikoa jaso zuen. Atzo iluntzean batu zen Auzotarren Batzordea mezu hori aztertzeko eta erabaki hau hartu dute: "Erraldek ez du ez bermatu eta ez baieztatu abenduaren 31a baino lehen finantziazioa lortu dezakeenik eta ezin izan dute gure baldintzak jasotzen zituen akordioa sinatu. Ondorioz, negoziazio prozesua amaitu ondoren, berau hasi aurretik aurkitzen ginen egoera berean aurkitzen gara".