Andra Mari elizpean ipini dute hitzordua, batzartu eta ekarpenak jasotzeko.
Maiatzaren 15a, Suminduak, Benetako Demokrazia Orain... hainbat izenez ezagutu dugun mugimendua hiriburuetatik herrietara zabaltzen dabiltza apurka-apurka. Durangon gaur egingo dute lehen herri-asanblada Andra Mariko elizpean. 20:00etan ipini dute hitzordua.
Asanbladaren filosofiaren baitan jendeak bere ekarpenak era librean ematea egongo dela azaldu dute batzarraren deitzaileek. Gaur iluntzeko asanbladan, mugimenduaren aurkezpen txiki bat egingo dute.
Bilboko manifestuaren inguruan, mugimenduaren zergatien inguruan, eta asanbladen metodologiaren inguruan egingo dute berba. Beste herrietan lantzen dabiltzan ekimenak ere azalduko dituzte, hala nola, Madrilen hasi den “haserratuen herri martxa” edo euroaren itunaren gaineko ekitaldiak.
Gaurko asanbladan norbanakoek euren iritziak ematea ere garrantzitsua izango da. Asanblada deitu dutenen berbetan, “bakoitzak dituen proposamenak” batu gura dituzte Andra Marian.
Suminduen Martxa
Atzo hainbat herritatik igaroko den Suminduen Martxa hasi zuten. Bilbotik irten eta Gasteizerako bidean, gure eskualdetik ere pasatuko da martxa hori ekainaren 28an eta 29an. 28an helduko da Gernikatik Durangora, eta 29an Otxandiora joango dira han beste geldialdi bat egiteko.