Bere alderdiko zazpi hautetsien babesa jaso du Irigorasek. Aralarrek Bilduko alkategaitza babestu du atzo aurreratu zuen bezala. Aitziber Irigorasek beste lau urtez jarraituko du alkate, beraz.
Goizeko zortzietan ospatu den ez ohiko bilkuran osatu da Durangoko udal taldea. Aitziber Irigoras (EAJ) eta Urdaspal Bolinaga (BILDU), zortzina botorekin, izan dira alkategai bozkatuenak. Aralarreko Dani Maeztuk eta Iker Urkizak Bolinagaren hautagaitza babestu dute. EAJren zerrenda izan zen bozkatuena maiatzaren 22ko udal hauteskundeetan, hori dela eta, Irigoras izango da Durangoko alkatea.
Kargua zin egin, eta aginte makila jaso ostean, Irigorasek hitz batzuk izan ditu. Irigorasek alkate izaten jarraitzea "ohore handia" dela nabarmendu du, eta herritarrek eta zinegotziek beragan jarritako konfiantza eskertu du; bere berbetan, durangar guztien beharrei erantzuten saiatuko da, eta bereziki langabeziari, "herriko arazorik larrienari", aurre egiten saiatuko da.