Durangaldean Aralarrek Durangon baino ez du ordezkaritzarik izango. Berton izan dituen zinegotzi biak mantentzea lortu du. Dani Maeztu Durangoko zinegotzi eta Aralarren legebiltzarkidearen berbetan, "Bilduren efektua oso argia izan da eta espazio gabe utzi gaitu".
Durangon ez eze, Elorrion eta Zornotzan ere aurkeztu du zerrenda Aralarrek, hala ere, Durangon baino ez du lortu ordezkaritza. Boto kopuruan zerbait bajatu arren, Durangon azken legealdian izandako zinegotzi biak mantentzea lortu dutelako "pozik" agertu da Dani Maeztu legebiltzarkidea ere badena, "are gehiago Durangon izan diren emaitzak ikusita". Jeltzaleek zinegotzi bat gehiago lortu dute eta Bildu sei zinegotzigaz sartu da udaletxean. "Egin dugun lana aintzat hartu dela eta baloratu egin dela esango genuke eta ordezkari biak mantentzea lortu dogu".
Popularrek eta sozialistek zinegotzi bat galdu izana da ere nabarmendu du Maeztuk: "Bloke nagusi bi daude udaletxean, abertzalea eta estatukoa; PP eta PSE-EEren arten izan ohi da jokoan zinegotzia eta, oraingoan, biek galdu dute bana".
Elorrio eta Zornotzan ere aurkeztu du zerrenda Aralarrek, baina, ez dute ordezkaritzarik lortu. "Bilduren efektua oso argia izan da" Maezturen berbetan, eta "espaziorik gabe geratu gara". Irakurketa horixe egin du Aralarren legebiltzarkidean foru aldundirako lortutako boto kopurua aztertzerakoan. "Oso nabaria" izan da Bilduren efektua: "Genuen batzarkide bakarra galdu dugu. Hausnarketa sakonagoa behar da eta baloratu beharko dugu gure lana, baina, Bilduren eragina argia izan da, esparru berdinean dihardugu eta ezker abertzalearen botoa hor batu da". Aralar eta EB espazio gabe utzi dutela uste du.